Ogasun ordezkari Jabi Vitoria. (Argazkia: Nagore Koch)
2014ko aurrekontuaren likidazioak datu baikorrak eskaini ditu, udaleko Ogasun arduradun Jabi Vitoriak jakinarazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, beste urtebetez positiboak izan dira aurrezki, zor eta egonkortasun balantzeak. Udal zorra 5,5 milioi euroan jaitsi da, eta 187,5 milioi euroan kokatu da, eta 1.799.266,09 euroko superabitak 2015eko aurrekontua hobetzen lagunduko du.
Vitoriaren hitzetan, “iaz 1,3 milioi euroko superabita izan bagenuen, aurten 1,8 milioi eurokoa izan da. Helburua diru-sarrerak eta gastuak orekatzea da, eta emaitza baikor honek datorren urteari aurre egiten ere lagunduko digu”. Bi irizpideren gainean ari direla lanean nabarmendu du: “Sartzen dugun guztia gastatzen dugu, sartzen duguna baino ez; eta orainaldian eta etorkizunean pentsatzea, erakundea hipotekatu gabe eta lehentasunak garbi jarriz”.