Konstituzio plaza euskaraz betetzeko deia egin du udalak, Beñat Gaztelumendiren babesarekin
Donostian ere euskaraz kanpaina bultzatzen ari da udala, hiritar guztiei lehen hitza euskaraz egin dezaten animatzeko. Horren barruan, ekitaldi bat egingo dute hilaren 28an, larunbata, eta gaur deialdi berezia egin dute Konstituzio plazan, herritarrei zuzenduta. Hain zuzen ere, Kantu Jiraren babesarekin, Beñat Gaztelumendi bertsolariak kopla batzuk abestu ditu jendea datorren asteko ekitaldira animatzeko.
Udaleko Euskara ordezkari Nerea Txapartegi ere izan da Konstituzio plazan, eta euskararen erabileraren alde egiten ari diren lana nabarmendu du: “Donostian ere euskaraz kanpaina abian dugu, eta hiria prest dugu dagoeneko donostiarrak euskaraz artatzeko; kultur etxeetan, kiroldegietan, antzokiko harrera guneetan, museoan eta udal bulegoetan. Hiriko 400 establezimendu baino gehiagotan ere hartu dute konpromisoa lehen hitza euskaraz egiteko”. Txapartegik jakinarazi du 122.000 donostiarrek dutela euskaraz aritzeko gaitasuna: “Garrantzitsua da lehen hitza euskaraz egitea, horrek berak aukera gehiago eskaintzen dituelako”. Honela gauzak, hilaren 28ko ekitaldira deitu ditu herritarrak, “elkarrekin Konstituzio plaza euskaraz betetzeko”. 12:00etan izango da ekitaldia, eta euskararen aldarria zabaltzeko kolore desberdinetako globoekin bete nahi dute plaza.