Joaldunak, Bulebarrean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Korrika badator hirira, eta euskararen aldeko tropelaren etorrera iragartzeko hainbat jarduera egin dituzte gaur Donostian. Parte Zaharrean giro bikaina piztu da. Joaldunek, lehenengo, eta erraldoiek eta buruhandiek, ondoren, hartu dituzte kaleak. Bitartean, Kantu Jirak hilabete bakoitzeko hirugarren larunbataren ohiturari ekin dio, gaur modu berezian. Izan ere, Korrikari abestu egin diote, ohiko kantak abesteaz gain. Konstituzio plazako liburutegiaren arkupeetan, berriz, bazkaria prestatu dute, igandeko korrikaldirako indarrak hartzeko.
Korrikaren 19. ekitaldia lau orduz izango da Donostian igandean, 08:33etik 12:36ak arte. Hirian 32.000 metroko ibilbidea egingo du, eta 107 eragilek hartuko dute lekukoa. Bidebietatik sartu eta Añorgatik irtengo da. Euskararen aldeko tropelaren parte izango da IRUTXULOKO HITZA. Erdialdean hartuko du lekukoa, Easo kalean, Donostia 2016ren egoitzaren aurrean. Suhiltzaileen egoitza zaharrean hartuko du lekukoa 11:13an. Harpidedunei batera korrika egiteko deia luzatu die, egokitutako zatia batera egiteko asmoz.