-
-
Altzako kiroldegiak banaketa hau du gaur egun. (Argazkia: Donostiako Udala)
-
-
Kiroldegi berriarekin itxura hau izango du auzoak. (Argazkia: Udala)
Altzako kiroldegiak orain duen aparkaleku kopurua mantenduko du, auzotarrek hala eskatuta. Gaur aurkeztu dute proiektuaren planoa udalan Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek eta Donostia Kirolako zuzendari Leire Landak. Horrela, orain arte bezala, guztira 175 aparkaleku egongo dira kiroldegiaren inguruan; plaza horiek ez dira orain dauden leku berdinean egongo, baina inguruan eraikiko dituzte.
Landak azaldu duenez, gaur egun kiroldegiaren alde batean kokatzen dira aparkaleku gehienak, guztira 130. Aparkaleku hori nabarmen txikituko da kiroldegi berriarekin, eta 17ra murriztuko da. Bestalde, gaur egun kiroldegitik gertu dagoen beste aparkalekua handituko dute, 45 plazatik 139 leku izatera pasako baita. Gainerako aparkalekuak kiroldegiaren inguruan kokatuko dituzte. Horrekin batera, autobusentzako plazak gehituko dituzte, eta bi biribilgune berri eraikiko dituzte.
Kiroldegiaren erabilerei dagokienez, garaierak handitu egingo dituzte, eliteko gimnastika erritmikoa egin ahal izateko, eta sei kaleko igerileku handi bat egongo da, waterpoloan jokatzeko modukoa, baita 15 metroko igerileku osagarri bat ere (Donostiako kiroldegietako igerileku osagarri handiena, hain zuzen ere).
Ruizen esanetan, kiroldegiaren kanpoaldeari buruzko alderdiak aztertzen ari dira oraindik, kanpo-igerilekuak egongo diren lursaileko elementuen zehaztapena eta aisialdiko kirol-erabileretarako plaza zehazteko daudelako.
Sei bilera auzotarrekin
Udalak hainbat tailer presentzial, bilera eta erakusketan egin ditu auzotarrekin, kiroldegia denen artean osatzeko helburuarkein. Ruizen arabera, denetan sortu dira ideiak eta proposamenak, kiroldegi berriaren proiektuan eragin handia izan dutenak. Horietako bat, hain zuzen, egungo aparkaleku-kopuruari eustea izan da.
Herritarrek beste ekarpen batzuk ere egin dituzte, hala nola, kanpo-igerilekuak egitea, kiroldegiaren atzealdean espazio gehiago izateko lursaila handitzea, eta inguru osoaren tratamendu zeharkakoa egitea.
Altzako auzotarrek guztira sei bilera egin dituzte udalarekin; lehena, 2013ko ekainekoa, kiroldegi berria eraikitzeko erabakiaren berri eman zuten. Ondoren, 2014ko maiatzean, kiroldegiaren proiektua gauzatzeko herritarren ekarpenak kontuan hartzeko ideien lehiaketa abiarazi zuten. Abuztuan, aurkeztutako 26 ideietatik 5 aukeratu ziren. Hilabte geroago, HAPOa aldatzea onartu zen, eta irailean aurkeztu zen Altzan.
Urrian egon ziren ikusgai bost finalisten proiektuak Altzan, Casares eta Tomasene kultur-etxeetan. Azaroan, azkenik, ideia irabazlea hautatu zuten –Chocarro Herranz-Tabuenca Leache–. Azken bilera otsailaren 24an egin zuten, inguruneko ekipamenduei buruz eztabaidatzeko.
Ruizek azaldu duenez, kiroldegiaren behin-behineko proiektua apirila bukearea eta maiatza hasiera artean amaituko dute, eta maiatzan bertan Altzara joango dira, proiektua azaltzera. 2016An obrak hastea espero du zinegotziak, eta obrek urte eta erdi iraungo dute.