Sinadura bilketa bat abiatu dute, 'Change.org' plataforma baliatuz, eraikinean egin diren azken aldaketak zuzentzeko eskatzeko.
Klub Nautikoa. (Argazkia: irutxuloko Hitza)Irutxuloko Hitza
Eskaera hori aurrera eramateko 1.000 sinadura lortzea dute helburu. Gutxienez, 452 lagunek bat egin dute Juan Ignacio Mendizabalek abiatutako kanpainarekin. Klun Nautikoa arkitektura razionalistaren mugarritzat jo du Mendizabalek, eta Aizpurua eta Labaien arkitektoek 1928 eta 1929 urteen bitartean egindako obra bat dela gogorarazi du Change.org plataforman egindako eskaeran. Salatu du Donostiako “ondare arkitektonikoaren harribitxi honek” askotan sufritu dituela aldaketak, baina azkeneko aldaketek eraikinaren jatorrizko itxura eraldatu dutela. Azaldu du gainera, monumentu historiko gisa babestuta dagoela, “paper gainean behintzat bai”.
Nautikoko terrazan eta goiko solairura igotzeko eskaileraren beirazko baranda batzuk jarri dituztela salatu du, jatorrizkoak ordezkatzeko. Jatorrizko proiektuan burniarekin eta sokekin egindako barandak zeuden, itsasontzien estetika gogoraraziz. Gainera, plataforma igogailu bat jarri dutela kexu da.
Eraikinean sartze erraztasuna bermatzeko egin duelakoan daude, baina azpimarratu du monumentu historikoetan “sakrifikatu” egiten direla, eraikin historiekoen jatorrizko ezaugarriak bermatzea lehenesten baita. Sarrerran egurrezko atari bat ere jarri dutela salatu du. Aldaketa hauek eraikinaren nortasuna galarazten dutela uste du Mendizabalek, eta eraikinarekiko errespetu falta erakusten duela.
Administrazioen “pasibitatea” salatu du, Nautikoan egin diren lanak kontrolatu behar zituztela azpimarratuz. Horregatik, Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari eskatu die eraikinean egin diren lanak zuzentzeko, Nautikoak jatorrizko itxura berreskuratu dezan.