Koloretako globoak banatuko dituzte larunbatean, 12:00etan, 'Donostian ere euskaraz' kanpainaren barruan.
Nerea Txapartegi eta Beñat Gaztelumendi. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostian ere euskaraz kanpaina bultzatzen ari da udala, hiritar guztiei lehen hitza euskaraz egin dezaten animatzeko. Horren barruan, ekitaldi bat egingo dute larunbatean, 12:00etan. Koloretako globoekin bete nahi dute Konstituzio plaza, euskararen aldeko leloekin.
Hain zuzen ere, udalak deialdi berezi bat egin du, herritarrei zuzendua. Egunak eman ditu donostiarren babesa eskatzen; joan den larunbatean, esaterako, Korrikaren 19. ekitaldiaren etorreraren bezperan, Konstituzio plazan bertan egin zuen agerraldia udaleko Euskara arduradun Nerea Txapartegik. Bere alboan Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarra izan zuen, eta Kantu Jiraren babesa jaso zuten.
Txapartegik euskararen erabileraren alde egiten ari diren lana nabarmendu zuen: “Donostian ere euskaraz kanpaina abian dugu, eta hiria prest dugu dagoeneko donostiarrak euskaraz artatzeko; kultur etxeetan, kiroldegietan, antzokiko harrera guneetan, museoan eta udal bulegoetan. Hiriko 400 establezimendu baino gehiagotan ere hartu dute konpromisoa lehen hitza euskaraz egiteko”.
Euskara ordezkariak jakinarazi zuen 122.000 donostiarrek dutela euskaraz aritzeko gaitasuna: “Garrantzitsua da lehen hitza euskaraz egitea, horrek berak aukera gehiago eskaintzen dituelako”.