Korrikak 32 kilometro egin ditu hirian. Tropelaren buru ehundaka herritar ibili dira auzoz auzo, 107 eragileren izenean. Euskararen alde egin dute guztiek, bakoitzak bere esparru eta sentimendutik.
Korrikaren lekukoa 107 eragilek eraman zuten igandean, Donostian. 32 kilometro egin zituen tropelak hirian, eta ehunka herritarrek izan zuten lehen lerroan korrika egiteko ohorea. Horietako batzuekin hitz egin zuen Irutxuloko Hitzak, eta euren arrazoi eta sentimenduengatik galdetu zien.
Balentin Merino, erdian, bere familiarekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Balentin Merino bidebietarrak erosi zuen Donostiako lehen kilometroa, baina berak nahiago izan zuen pankarta atzean korrika egin, bere biloba Isanek eta Marenek lekukoa har zezaten. Familia Aiatik etorri zen Merino bisitatzeko, eta berarekin batera Donostiako lehen metroak osatu zituzten Bidebietan. «Urteak damarazkit euskara ikasten euskaltegian, baina asko kostata ari naiz. Euskararekin ezin dudanez, nire ekarria egin nahi izan dut kilometro bat erosita, ez baita lehen aldia», adierazi zuen Merinok, bere bilobek lekukoa hartu baino minutu batzuk lehenago. Ziur bere emaztea gogoan izan zuela; harek, bai, euskaraz egiten zuen etxean.
Donostiabuseko gidariek Kotxeras ondoan hartu zuten lekukoa, Intxaurrondon. Dbuseko gidari
Xabi Muxikak esan zuen kilometroa eurek erosten dutela, ez enpresak: «Boluntarioa da. Gure artean hitz egiten dugu, mahaitxo bat jartzen dugu eta gero bakoitzak ahal duen dirua jartzen du. Horrekin kilometro bat erosten saiatzen gara. Gero soberan gelditzen den diruarekin Korrikako materiala erosten dugu, eta material hori langileen artean zozkatzen dugu».
Dbuseko autobus gidariak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Iñaki Aldunzin ere gidaria da: «Langileei esker antolatu dugu Korrika. Enpresak ez du ezer ordaindu. Guk lortu dugu kilometroa ordaintzea eta guretzat oso aberasgarria da. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu autobusetan eta Donostian euskaraz hitz egitea. Korrikaren momentu hau pozgarria izaten da. Jendea etortzen da, eta goizean hamaiketakoa antolatzen dugu. Langileen familiak ere hurbiltzen dira eta denon artean festa egiten dugu». Aldunzinek azaldu zuen beste urteetan lekukoa eramatea boluntarioa izan dela, baina aurten zozketa egin dutela: «Askotan euskaraz ikasten ari direnek aurkezten dute euren burua lekukoa eramateko, baina aurten zozketa egin dugu».
Dbusekoen kilometroan
Xabier Ibargaraik egin zuen bat, Intxaurrondon korrika egiten hastea erabaki baitzuen: «Ikastolarekin betidanik, txikitatik, atera izan naiz, eta ohitura bezala ez da ezer kostatzen korrika egitea euskararen alde. Ni berez Nafarroakoa naiz, baina neskalaguna Egiakoa dut eta berarekin bizi naiz hemen duela bi urtetatik. Orduan, aurten lehenengo aldia da Donostian korrika egiten dudana. Kuadrillakoek Nafarroan egin dute eta Donostiako lagunek atzo juerga egin zuten… Gorputzak erantzuten duen arte egingo dut korrika».
Arkaitz Artola, erdian, Porrontxo jaietako beste bi ordezkarirekin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Egian, kilometro bateko tartean, auzoko eragile nagusienak zeuden korrika egiteko prest;
Porrontxo jaietako ordezkari Arkaitz Artola, tartean: «Guk ere euskarari bizia ematea bilatzen dugu Korrikaren barruan. Egian ere beharra ikusten dugu, eta jaietan eta urte osoan zehar ere saiatzen gara euskarari indarra ematen. Eta aurten egun egokiena izanik honetarako, hementxe gaude lanean eta korrika egiteko prest. Korrika jaia ere bada, eta guretzat, jai batzordearentzat eta kuadrilla guztientzat, giro ezin hobea eta giro naturala da. Beraz, aldarrikapenak festa giroan ospatzeko prest gaude beti».
Aitor ikastolako ikasle eta irakasleak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Aitor ikastola, nola ez, ordezkatuta zegoen Egian. «Guk euskararen alde egiten dugu egunero, eta bereziki guraso eta ikasleekin parte hartzea Korrikan oso garrantzitsua da. Nik hartuko dut lekukoa aurten, kanpotik etorri den guraso batekin. Euskara ikasten hasi da buru belarri eta gurekin parte hartuko du; baita bi umek ere. Emozioa eta urduritasuna sentitzen dituzu. Zati txiki batean egingo dugu korrika, baina emozioa oso handia da», adierazi zuen ikastolako irakasle Ana Urkizak.
Berdaitz Gurutzeaga –petoa daramana–, Egia Bizirik auzo elkarteko beste kide batzuekin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Egia Bizirik auzo elkartearen izenean korrika egin zuen Berdaitz Gurutzeagak: «Guretzako Korrika bera baino, hizkuntza bera da garrantzitsua. Kulturalki auzoan oso txertatua dagoen eta defendatu behar den zerbait da, nire ustez. Horregatik guretzat oso garrantzitsua da parte hartzea. Nik uste dut pozgarria dela zatiak horren txikiak izatea. Horrek esan nahi du elkarte eta eragile asko daudela tartean, eta oso pozgarria da ikustea zenbat jendek parte hartu eta laguntzen duen Korrika, euskararen alde».
Egiako Arrano elkarteko Patri Bengoetxeak ere ez zion hitzorduari hutsik egin: «Elkarteak aisialdiaren eremuan lan egiten du. Badira batzuk euskaraz dakitenak, beste batzuk ez. Aisialdi eremu horretan, askotan erortzen gara erdaraz egiteko joera horretan, eta nolabait Korrika da bizitza osoa eremu guztietan euskaraz garatzeko eta ez dakiten horiei laguntzeko eguna».
Harriet Agirre, Etxerateko kide ere den Idoia Espiasekin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Urduri zegoen lekukoa hartzeko atarian: «Lekukoa hartu behar duzunean urduri jartzen zara, eroriko da, ez da eroriko… Momentu oso berezia da, poza nabaritzen da. Geroz eta gertuago, geroz eta urduriago. Lekukoa uzten duzunean lasaitzen zara eta korrika egiten jarraitzen duzu lagun artean».
Etxeratek babesa eskaini zion Korrikari, eta
Harriet Agirre preso ohiak eraman zuen lekukoa: «Euskal Herrian euskara normalizatua izan dadila aldarrikatu behar da, eta Euskal Herrian euskara izatea euskaldunon hizkuntza. Euskal Herriaren batura ere bada Korrika, zazpi herrialdeak batzen dira, hamar egunez, gelditu gabe».
AEK-k antolatutako jarduera ezinbestekoa dela aipatu zuen: «Zerbait oso sinbolikoa da, baina oso polita era berean. Ea sinbolikotasun horretatik pasatzen garen praktikotasunera, hori izango litzateke politena».
Gustura hartu zuen lekukoa Agirrek: «Hunkigarria da lekukoa eramatea, Euskal Herri osotik eskuz esku joan dela jakinda, eta hemen Egian aukera hori izatea… Egiako Etxerat elkartearen esku hori ni izateak ilusio handia egiten dit. Gainera, polita da auzotar guztiak elkarrekin ikustea. Ziurrenik egongo gara jende asko urtean zehar ez duguna elkarren berri izan, eta guztiak helburu berdinaren alde ikustea polita da».
Sudur taldeko Juanfi Gulin-ek ere hartu zuen lekukoa Egian: «Ohorea da lekukoa eramatea. Euskaldun zahar moduan, eta berri hein batean. Amarekin ikasi nuen, baina gero galdu egin nuen. Orain dela hogei bat urte hasi nintzen ikasten. Duela bi urte ere eraman nuen lekukoa zatitxo batean. Talde dezente gaudenez auzoan, azkenean kilometroa egitera ez gara iristen. Oso gustura nago. Badira elkarte asko Egiatik kanpo hartu behar izan dutenak korrika egiteko, eta hori seinale ona da».
Seme-alabekin
Martuteneko jai batzordeko lekukoak. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Egiatik Martutenera joan zen tropela. Urumea bazterrean ez zen giro. Kartzelatik Ojeda dendaraino egin zuten korrika auzotarrek, joan-etorrian. Jai batzordeak trinkete parean hartu zuen lekukoa. «Lehen aldia da seme-alabekin korrika egiten dugula. Hiru zatitan banatu ditugu gure metroak, hiru sendik lekukoa har dezaten», adierazi zuen jai batzordeko kide
Estitxu Muruak.
Metro gutxira,
Arantzazuko Ama ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak zeuden. Hauek ere kilometroa banatu zuten, Lehen Hezkuntza eta DBH mailen artean. Lehenengoen izenean
Mikel Guerrak hartu zuen lekukoa, Andoni Guerra aitaren laguntzarekin. Gaixo zegoen aita, baina pozik zen semearen ondoan korrika egin behar zuelako: «Zozketa egin dute ikasleen artean, eta Mikeli egokitu zaio».
Arantzazuko Ama ikastolako ordezkariak. Eskuinean, Josune Otxotorena. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
DBHko ordezkariak
Oier Hernandez eta Axular Uriarte ziren, ikastolako Palarra Euskara Taldekoak biak. «Palarra aitzurra antzeko tresna bat da, eta lurra elkartzeko erabili ohi da. Guraso, ikasle eta irakasleak batzea da gure helburua, hori da izenaren espiritua», azaldu zuen ikastolako Hizkuntza Normalkuntza arduradun Josune Otxotorenak.
Erdialdean, eragile ugari bildu ziren;
Gure Esku Dago, kasu. Easo kalean hartu zuen lekukoa erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, Alberto Silva ordezkariaren eskutik: «Gure Esku Dagorentzat Korrikan parte hartzea garrantzitsua da. AEK-k dioen bezala, euskara guztion eskubidea da, inongo borroka politikoan sartu gabe. Bada, guk ere erabakitzeko eskubidea guztiona dela aldarrikatu nahi dugu, ez dela borroka politikoan sartu behar. Zure etorkizuna zein den erabakitzea eskubide bat da, eta horrekin bat egiten dugu erabat Korrikarekin».
Gure Esku Dago dinamikako kideak, Korrika iritsi aurretik. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostian bakarrik ez zutela korrika egingo jakinarazi zuen Silvak: «Hiriburu guztietan hartu dugu kilometro bat, maila nazionalean, modu sinkronizatuan. Espero dugu hurrengo urteetan ere kilometroak hartzea. Korrikak Gure Esku Dagorekin gauza askotan bat egiten du: guztion lana da erabakitzeko eskubidearen alde egitea. Eta lekukoa ere askoren artean hartu dugu».
Udaletxearen ondoan, Donostiako Udaleko ordezkariak jarri ziren tropelaren buru.
Juan Karlos Izagirre alkateak eraman zuen lekukoa: «Egun hunkigarria izan da betidanik. Euskararen aldeko jarduera bat baino askoz gehiago dela esango nuke. Ikusten da herri mugimenduek zein indarra duten horrelako antolaketa bat egin behar denean. AEK zoriondu behar da, baina baita auzo guztietan parte hartu duten pertsona eta eragile guztiak ere. Azken finean, euskararen aldeko jarduera honek erakusten duena da bakoitzaren ekarpenarekin gauza handiak egin daitezkeela, eta erakundeek beste aletxo bat ematen dugu, baina hemen benetan ekarpena egiten dutenak herritar xumeak dira».
Donostiako Udalaren izenean korrika egin zuten ordezkariak; alkatea, tartean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Izagirrek nabarmendu zuen Korrika bezalako jarduera bat ezingo litzatekeela antolatu erakundeetatik: «Herritik ateratzen den gauza bat da, herritar guztiak inplikatuta. Hau gauza oso polita da. Euskararen aldeko jaia izanik, guretzako euskara da ardatz nagusietako bat. Eta nik uste dut balio diola ere finantzaketa lortzeko AEKri, baina kontzientziazio aldetik ere eragin handia dauka».
Jendetza bildu zen Parte Zaharrean.
Kai Harripek Salamanka pasealekuan hartu zuen lekukoa. Euskara batzordeko kide Jonpa Albisu tropelaren zain zegoen, eta gogora ekarri zuen lekukoa lehen aldiz hartu zuenekoa: «Duela urte pila hartu nuen, goizeko hiruretan, Renfeko tren geltokiaren parean. Emozio handiz, ez da esplikatzen erraza, baina zirrara bat nabaritzen duzu eta Korrikak berak eramaten zaitu. Lekukoa utzi eta jarraitzen duzu kilometroak eta kilometroak egiten, eta gero kriston agujetak izaten dituzu, baina pozik amaitzen duzu. Aurten ez dut hartuko, baina Parte Zaharretik egingo dut korrika eta uste dut Antiguaraino iritsiko naizela».
Rekalde tabernako jabe
Agus Rodriguezek, honek bai, lekukoa eraman zuen igandean: «Korrikarekin izan nuen lehenengo esperientzia AEK-ko ikasle izan nintzen garaian izan zen, Groseko Irrintzi euskaltegian. Lekukoa eramateko aukera suertatu zitzaidan, eta hura izan zen aldirik hunkigarriena. Nire lehenengo aldia korrikan parte hartzen eta, gainera, euskaltegiko ikasleen izenean lekukoa eramaten; handia izan zen».
Orduz geroztik, Korrikaren ekitaldi guztietan parte hartu duela azpimarratu zuen: «Lagun kuadrilla batekin batera kilometro galduak deitzen diren horiek hartu izan ditugu noizbait. Gogoratzen dut Alkiza gainean goizeko lauretan ibili ginela korrika; beste batean Aiako gainan ere bai, Zarautz eta Orio artean… Horrelako esperientziak oso politak eta desberdinak dira».
Lekukoa bigarren aldiz duela zortzi bat urte eraman zuen Rodriguezek: «Ni Marruma elkarteko kidea naiz, eta herriko tabernen sumarioan sartuta nago eta horren izenean edo eraman nuen. Hunkigarria izan zen hura: jendearen babesa izugarria izan zen, oso polita».
Igandean lekukoa eraman zuen hirugarren aldia izan zen, Rekalde tabernarekin: «Abuztuaren 31 kalean dagoen A Fuego Negro tabernarekin batera egiten dugun hirugarren aldia da, haiek luzatu ziguten proposamenari esker».
Donostiako Piratak, Portaletan, Korrikaren zain. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kaian,
Donostiako Piratek zuten kilometroa. Sardiñerak kofradiako Maider Fernandezek izan zuen lehen lerroan korrika egiteko ohorea: «Erabakigune moduko bat dugu eta bertan erabaki genuen Piraten mugimenduak Korrikan parte hartu behar zuela, eta kilometro bat hartu behar genuela. Gero dena asanblada bidez egiten dugunez, proposamenak atera ziren eta Sardiñerek berriro protagonista izatea bururatu zitzaigun».
Fernandezen hitzetan, «Aste Nagusian ni izan nintzen Ezkila kapitaina eta, horri jarraipen bat emanez, nik hartzea erabaki dugu. Korrika polita da, garrantzitsua eta euskaldun guztiok biltzen gaituena. Eskerrak ez den kilometro osoa! ».
Piratei zapi beltzarekin bertaratzeko deialdia egin zieten: «Guretzako piraten mugimendua ez da bakarrik festak antolatzea, guk gure baloreak ere baditugu eta horien artean euskalzaletasuna dago. Azken batean ongi pasatzera gatoz, parte hartzera eta gure artean biltzera».
Donostiarrako arraunlariak, Parte Zaharrean, lekukoa hartu aurretik. (Argazkia: Lide Ferreira)
Portaletan jaso zuten Donostiako Piratek lekukoa,
Donostiarra traineruko arraunlarien eskutik. Unai Elizasu tartean zegoen, eta gustura egin zuen korrika: «Sentipen berezia sortu digu guztioi Korrikak. Kasualitatez, edo kausalitatez, lekukoa, igandez eta eguerdiko 12:00etan hartu dugu. Donostiarrako arraunlariontzat, igandea eta 12:00ak, Kontxako estropaden irteera unea da, urteko estropadarik ederrena hasteko ordua. Korrika ere euskaren itsasoan den estropadarik ederrena da. Kasu honetan, baina, euskahaldun guztiona izan da bandera».
Agurra
Añorgako Kultur eta Kirol elkarteko presidente Agurtzane Manterola, Eneko Sierrarekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Añorgan amaitu zen Korrikaren ibilera Donostian.
Amassorrain ikastolarekin batera, Añorgako Kultur eta Kirol elkarteak hartu zuen lekukoa, Agurtzane Manterola presidente berriaren bitartez. Presidente gisa aulkia utzi dion Eneko Sierra zuen ondoan: «Euskara Batzordeak antolatu du Añorgako kilometroa. Hamaiketakoa eta musika izan dugu lehenago, eta Donostian ere euskaraz lelodun globoak ekarri ditugu».
Donostiako azken metroak, baina, Amassorrain ikastolako ikasle
Nora Unanuek
eta Aitzol Goikoetxeak egin zituzten. «Bozketaren bitartez aukeratu gaituzte», esan zuten.