“Feminismoa aldaketarako ezinbestekoa da”

Josebe Iturrioz izango da PlaZ! hautagaitzaren zerrenda burua
Udaletxearen kanpoaldean egin dute agerraldia. (Argazkia: Lide Ferreira)

Udaletxearen kanpoaldean egin dute agerraldia. (Argazkia: Lide Ferreira)

Simon de Beauvoir feminista duela 29 urte zendu zen, eta gaurko ekitaldia berari eskaini dio udal hauteskundeetan aurkeztuko den PlaZ! hautagaitzak. Plazandreok taldearen lekukoa hartu eta Josebe Iturrioz izango da kandidatura berriaren zerrenda burua, “pertsona ezberdinen topaleku izango den gune berri bat osatzeko”. Josebe Iturriozekin batera, hautagaitzaren zerrendan Agurtza Zubero, Ana Txurruka, Santi Eraso, Manolo Prada, Asun Urbieta, Angel Abalde eta Danele Sarriugarte daude.

Udaletxearen aurrean egin duten agerraldian, feminismoak politikan garrantzia handia duela azaldu dute, eta hiria aldatu nahi duen talde bat bezala aurkeztu dute euren burua. “Feminismoa aldaketarako ezinbestekoa da, eta ez da bakarrik emakumeen kontua. Botereak sortzen dituen bidegabekerien aurka eta berdintasunaren alde borrokatzen urteak daramatza feminismoak, eta gu oinarrizko eskubideetan espezialistak gara”. Matxismoaz gain, arrazakeria, homofobia eta indarkeria kezkarazten dituzte. Horregatik, euren helburua gizarte justuago bat sortzea da.

Lehentasun garrantzitsua indarkeria matxistarekin bukatzea da eurentzat. Indarkeria matxista, arrazista… egunerokotasunaren parte direla diote. “Politikari guztiak eta komunikabideak indarkeria kondenatzen dute baina gero estereotipoz jositako gizarte bortitz bat sortzen dute. Erronka aldaketak beharrezkoak dira. Udalak baliabide asko jarri behar ditu indarkeria matxista eta indarkeria mota guztiekin bukatzeko”.

Egun, udalaren aurrekontuan berdintasun sailak %0,1ekoa dela salatu dute; hortaz, hiri eraldatu eta parekide bati zuzendutako politika feministak ezarri nahi dituzte. Gainera, administrazioa hiritarrei begiratu behar direla nabarmendu dute, burokrazia gutxituz eta politika parte hartzaile eta gardenagoak erabiliz. “Mugimendu feministak parte hartzearekin esperientzia handia dauka, eta ez du hiritarrentzako kudeatuko, baizik eta hiritarrekin kudeatuko du”.

Pertsonak erdigune

Josebe Iturrioz, PlaZ! taldeko zerrenda burua. (Argazkia: Lide Ferreira)

Josebe Iturrioz, PlaZ! taldeko zerrenda burua. (Argazkia: Lide Ferreira)

Bestalde, beharrezkoa ikusten dute bizitza bera politikaren erdigune izatea. “Nazkatuak gaude makroekonomia eta merkatuen garrantziaz. Guk pertsonak politikaren erdigunean jarri nahi ditugu, pertsonak euren aniztasun guztiekin: lesbianak, transexualak, etorkinak edota aulki gurpildunekin mugitzen direnak. Pertsona guztiek daukagu bizitzeko eskubidea, eta gure hiriko politikaren helburua bizitza hori ahalbidetzea izan behar du”. Hortaz, ez dute pertsonak kaleratzen dituen hiri bat nahi, ez eta “makroegitasmoen” alde egiten duen hiri bat. Dependentzia eta pertsonen zaintzak ziurtatzen dituen hiri baten aldekoak dira.

Lan esparrua ere eraldatu nahi dute, baldintzak hobetuz: “lan egin bizitzeko, eta ez bizitzeko lan egin”. Lana bi multzotan banatu dela diote: modu pribatuan egiten dena, etxean; eta, lan merkatuan egiten dena, publikoki eta diru baten truke. Pribatua den hori ez duela baliorik salatu dute, eta pertsonen beharrei lehentasuna emango dien lanaren alde egingo dutela ziurtatu dute. “Gainera, guk sortu nahi dugun jarduera ekonomikoak balio etikoetan oinarritu nahi dugu, hiria aberastuko dutenak”.

Horregatik guztiagatik PlaZ! emakumeen plataforma bat baino gehiago dela erakutsi nahi dute. “Matxismoa eta sexismoak kalte egiten dutela erakutsi nahi duen plataforma feminista bat gara; beharrezkoa da gure gizartea aldatzea”. Eraldaketan sinesten dutenei dei egiten diete, euren aukera hautagaitza feminista izan dadin. “Benetako alternatiba garela uste dugu; feminismoa aukera erreal bat da eta hiri honetan gu egotea ezinhobea izango litzateke”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend