Paradisuaz hausnartu du Mariasun Landak

'Elsa eta paradisua' liburua aurkeztu du idazleak, Elena Odriozolaren ilustrazioekin
'Elsa eta Paradisua', Mariasun Landa

Mariasun Landa idazte eta Elena Odriozola ilustratzailea, liburuaren aurkezpena egin aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Duela bi urte kaleratu zuen Ipurtargiak paradisuan liburua Mariasun Landak, eta idatzi harekin lotu du gaur aurkeztu duen ipuina: Elsa eta Paradisua. Paradisuaren inguruan hausnartu du Landak, aurrekoan gustura aritu baitzen gai horren inguruan bueltaka: “Orain bukatutzat eman dut paradisua”, aipatu du idazleak. Edebe argitaletxeak argitaradu du lana, Giltza sailean, eta Elena Odriozola donostiarra arduratu da ilustrazioaz. Hamar urtetik gorako haurrentzat egokia da.

Elsa da liburuko protagonista, hamar urteko neskatila. Paradisua zer den galdetu izan die behin baino gehiagotan ingurukoei, baina inor ere ez da erantzun duin bat emateko gai izan. Azkenean, Paradisu anderea izango da Elsaren zalantzak argitzeaz arduratuko dena. Izan ere, familiarekin oporretara joango da Elsa, nekazaritza-etxe batera, eta orkatila bihurrituko du bertan. Geldik egon behar duen denbora tarte horretan ezagutuko du Paradisua anderea, eta hiru elkarrizketa izango ditu berarekin. Hala, egun bakoitzean, paradisuaren inguruko azalpen bat emango dio andereak: bertsio utopikoa, genesiarena, eta errealista. “Bere bi nebekin dituen arazoei aurre egingo die Elsak, eta erabaki bat hartuko du. Elsa helduago batekin bukatzen da liburua”, argitu du Landak.

Errenteria-Oreretakoa da izatez Mariasun Landa, baina urte asko daramatza Donostian bizitzen. 1982an argitaratu zuen bere lehen ipuina, Amets uhinak, eta ordutik aski ezaguna egin da. Haur eta gazte literatura lantzen du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend