Udalak eta Auzoa elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren baitan; teknologia berrien erabilera indartu nahi dute
Hiru emakume, Altzako Enplegu Azokan jarritako lan eskaintzen taulari begira. (Argazkia: Kattalin Miner)
Donostiako Sustapenak eta Auzoa Altza auzoko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Altzan enplegua eta merkataritzaren lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin.
Azken hiru urtetan hainbat hitzarmen sinatu dituzte bi aldeek, eta balantze baikorra egin dute Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek, Sustapeneko zuzendari Euken Sesek eta Auzoaelkarteko ordezkari Maria Dolores Garrotek. Hiruek agerraldi bat egin zuten asteartean, egitasmoaren berri emateko.
Hain zuzen ere, hitzarmen berriak bi ardatz nagusi izango ditu: Altzako merkataritza suspertzea, programa estrategikoen bidez; eta teknologia berrien erabilera sustatzea. Akordioa Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren (DESP) esparruan sortu dute, eta, besteak beste, tokiko merkataritza bultzatzeko asmoa du, enplegua epe ertainera sustatuz eta enplegugarritasuna eta lehiakortasuna ikuspegi estrategikotik hobetzeko oinarriak jarriz. Gainera, enpleguan kalitatea eta berrikuntza garatzeari lehentasuna emango diote.
Euken Seseren hitzetan, laguntza premia handiena duten lekuei begira jarri dira, eta Altza da adibiderik garbiena: «Altzak hiriko langabezia-tasarik altuena du (%16,1), eta gunerik biztanletsuena da (20.216 biztanle), 8,1 euroko dentsitate komertzialarekin; horregatik da horren garrantzitsua ekonomia suspertzeko ahaleginak egitea zonalde honetan».
Sustapeneko zuzendariaren arabera, gaur egun 164 saltoki daude Altzan, eta Donostiako denden %5,1 biltzen da bertan. Gastu bolumena eta gaitasuna, berriz, 185 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik 141 milioi inguru merkataritza txikira doaz.
Belaunaldi aldaketa
Esan bezala, hitzarmenaren helburu nagusietako bat merkataritza suspertzea da. Hala, Altzako merkataritzaren lehiakortasuna finkatzea, saltokiak babestea eta enplegua bultzatzea bilatuko dute, programa estrategikoak bultzatuz.
Belaunaldi aldaketa izango da abian jarriko duten programetako baten helburua. Merkataritzaren transmisio-kultura ezagutzera emateko sentsibilizazio tailerrak garatuko dituzte, hurbileko merkataritza mantentzeko neurri bezala.
Era berean, hurbileko merkataritzan berrikuntza bilatuko dute. Hamar saltokirekin lan egingo dute, Altzako merkataritzarako estrategia orokorrak identifikatzeko, eredu berriak finkatzeko, hurbileko merkataritzaren eragileak aktibatzeko eta e-commerce sustatzeko.
Ekintzailetzari garrantzi handia emango diote. Izan ere, Altzan saltoki berriak sortzeko laguntzak eskainiko dituzte.
Kontsumo arduratsuari ere lekua egingo diote. Altzan kontsumo arduratsua bultzatzeko jarduerak abian jarriko dituzte, erosketa eta aisialdi espazio desberdinetan.
Bestalde, akordioaren bigarren oinarria teknologia berrien erabilera sustatzea eta horiek erabiltzeko prestakuntza eskaintzea da; horretarako, Sustapenaren Espazioa eskainiko dute, alfabetizazioa eta teknologia berriekin hartu-emana errazteko helburuarekin.
Altzako enpresa eta saltokiei laguntza eskainiko zaie haien premia digitalak identifikatzeko, hobekuntzarako proiektu teknologien aldeko apustua eginez, enpresa-kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, eta, horrela, negozio eta enplegurako aukera berriak sor daitezen.
Josu Ruizen esanetan, azken hiru urtetan zehar, banakako 40 aholkularitza-plan inguru egin dira, sektore komertzialaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz, eta emaitza onak lortu dituzte: «Hiru urtetan Altzako saltokien sorrera bultzatu da, eta 61 enplegu inguru sortu dira. 100.000 eurotik gorako inbertsioa egin da», esan du Garapen Ekonomikoko zinegotziak.
Sesek akordioei esker aurrera eramandako proiektuak nabarmendu ditu: “Sustapen kanpainek emaitza oso onak eman dituzte, bertako ikasleei erosketarako bonuak oparitu baitzaizkie Altzako merkataritzan kontsumitu ditzaten; horrez gain, AltzaEkin! tailerrak, prestakuntza-jardunaldiak eta Merkataritza Eguna ere nabarmentzekoak dira”.
Ruizek azaldu duenez, udalak gehienez 31.900 euro jarriko ditu Auzoa elkartearen jarduerak babesteko, tartean honako hauek: programa eta neurri estrategikoak garatzea eta gauzatzea; Teknologia Berrien Zentroaren mantentze-lanak, erabilera eta sustapena; saltokien eta pertsonen artean zabaltzea; eskaintzak kudeatzea; ekintzailetza bultzatzea; eta merkataritza animatzeko kanpaina.