Donostia 2016ri begira hobekuntzak egin dituzte administrazioan, eskaerak azkarrak izan daitezen.
Gune publikoak okupatzeko baimen eskaerak erraztu dituzte udalean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako gune publikoak aldi baterako jarduerak egiteko erabiltzeko baimen eskaeren tramiteak erraztu nahi ditu udalak, eta horretarako kudeaketa unitate integrala sortu du. Horrela, hiriko guneetan hesiak edo aldamioak jartzeko baimenak eta jolas, aisialdi, kultura, gastronomia, kirol eta beste hainbat arlotako jarduerak antolatzeko behar diren baimenak lortzeko prozedura zuzenagoa eta errazagoa izango da hemendik aurrera. Proiektua gaur aurkeztu du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Txuri Aranburu eta Antton Arka teknikariekin batera.
Antolaketa berriarekin, eskabideak modu eraginkorragoan tramitatuko ditu udalak; horrela, ebazpen eta sinadura bakar batekin nahikoa izango da prozesua martxan ipintzeko. Izagirreren esanetan, herritarrei, gizarte eragileei, ekimen pribatuari eta gainerakoei baimenak izapidetzeko prozesua erraztea eta argitzea da helburua: “Oso garrantzitsua da herritarrek nahiz eragileek gune publikoa erabiltzeko baimenak eskatzen dituztenean gauzak erraztea. Administrazioa herritarren beharretara egokitu behar dugu, eta ez alderantziz. Sortu berri dugun Bide Publikoaren Erabilera Unitateak horixe egingo du: baimenak eskatzeko eta bideratzeko gune bakarra sortu, eta herritarrei gauzak erraztu”.
12 zuzendaritzaren parte hartzearekin
Administrazioaren hobekuntza aurrera eramateko 12 zuzedaritzako teknikariek parte hartu dute, hala nola, Mugikortasuna, Hiri Azpiegiturak eta Zerbitzuak, Ondarea, Donostia Kultura, Udaltzaingoa, Udal Informatika Zentroa, Donostia Kirolak, Ingurumena, Donostia 2016, Hirigintza, Hezkuntza eta Gizarte Sustapena. Hain zuzen ere, Donostia 2016ri begira egin dute hobekuntza, Kultur Hiriburutzak halako eskaera asko egin beharko dituela aurrikusi dutelako.
Aranbururen esanetan, administrazioa prest dago eskaera kopuru handi bati erantzuna emateko: “Administrazioko sail guztiak inplikatu dira proiektuan, eta zeharkako lanaren eta harreman proaktiboaren bidez, akordio orokor partekatu bat lortu dugu, helburu nagusia denon artean betetzeko: eskaera bat, ebazpen bakar bat”.