Hamabi film laburrek osatuko dute ikus-entzunezkoa.
‘Kalebegiak’ proiektuan parte hartuko duten zinemagileen izenak 2016 gunean jakinarazi dituzte. (Argazkia: Donostia 2016)
Hainbat zuzendari ezagunek eta hainbat zinemagile hasiberrik zuzendutako hamabi film laburren bidez Donostiaren erretratua egitea da Donostia 2016ren kultura programako
Kalebegiak ikus-entzunezko proiektuak proposatzen duena. Bertan, alde batetik, ibilbide oparoa duten zuzendariek hartuko dute parte eta bederatzi film labur egingo dituzte. Zuzendariak Julio Medem, Daniel Calparsoro, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal eta Koldo Almandoz dira. Bestalde, zinemagintzaren bidea hasi dutenek ere proiektuan izango dira, eta hauek film luzea osatuko duten beste hiru film labur egingo dituzte. Hauen proposamenak maiatzaren 8ra arte zabalik dagoen deialdian aukeratuko dituzte.
Larrotxene kultur etxean sortutako eta Michel Gaztambide, Jorge Gil eta Moriarti Produkzioak-ek proposatutako proiektu honen bidez, egungo eta etorkizuneko talentu hauek elkartzea, ideiak trukatzeko espazio bat sortzea eta film kolektibo bat egitea lortu nahi dute.
Kalebegiak gehienez ere hamar minutuko hamabi film laburrez osatutako film luze bat izango da.
Zuzendariak ez ezik, Donostian entzutetsuak diren teknikariak ere izango dira proiektuan: argazki zuzendariak, musikariak, zuzendaritza laguntzaileak, makillatzaileak, zuzendari artistikoak… Honela, hiria sormenaren industria gisa ere sendotzea ekarriko duen ikus-entzunezko proiektu aitzindaria izango dela ziurtatu dute arduradunek.
Kalebegiak, gainera, diziplina anitzeko proiektua da. Musikenek soinu-bandaren konposizioan parte hartuko du eta EHUko Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak azpidatziak egingo ditu.
Kalebegiak 2016ko irailean estreinatuko da Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko programaren barruan.
Hiru zinemagile hasiberri hautatzeko deialdia
Donostia 2016 Fundazioak eta Donostia Kulturak deialdi bat zabaldu dute Kalebegiak proiektuan sartuko diren esperientzia gutxiko egileek edo amateurrek egindako hiru gidoi aukeratzeko. Gidoiak jasotzeko azken eguna maiatzaren 8a izango da. Gidoiek hiriarekin eta Europako Kultur Hiriburutzarekin zerikusia izan behar dute, denborak aurrera egin arren hiriaren isla izaten jarraitzeko. Beraz, ahal den neurrian, gidoiek honako ezaugarri hauek izan behar dituzte:
- Hiria istorioen antzeztoki edo iturri gisa aurkeztu behar dute.
- Norberaren edo taldearen adierazpen-tresna baliagarri gisa kulturak duen balioa azpimarratu behar dute.
- Norbanakoaren hazkuntzaren oinarri gisa eta pertsonen askatasunen bermatzaile gisa kulturak bizikidetzarako duen garrantzia islatu behar dute.
- Nahi izanez gero, zinemarekin eta ikus-entzunezkoaren arloarekin beti lotuta egon diren hiri honen eta eskualde honen izaera azaldu dezakeen beste edozein sormen-ideia sar dezakete ikuspegi berri batetik.
Donostia 2016 eta Donostia Kulturako ordezkariek eta ikus-entzunezko esparruko profesionalek osatutako batzorde batek aztertuko ditu jasotako gidoiak. Ondoren, eta ekainaren 15a baino lehen, hiru proposamen onenak aukeratuko ditu. Proposamen bakoitzari 1.000 euro emango zaizkio egile-eskubideak ordaintze aldera. Aukeratutako hiru gidoien egileek euren film laburra zuzendu nahi duten erabaki beharko dute.
Deialdiaren oinarriak
Kalebegiak webgunean ikusi daitezke, baita deialdiari buruzko informazio gehiago ere. Gidoiak bidali nahi duen orok
kalebegiak@dss2016.eu posta elektronikora idatzi dezake.
Larrotxene, proiektuaren epizentroa
Larrotxenek 25 urte daramatza Donostiako ekoizpen amateurraren oinarrian. Hirian film laburren egiazko estandartea da, eta proposamen hau bertan sortu dute. Larrotxene Bideoko ikasleek, gainera, proiektuan aktiboki parte hartu ahal izango dute, eta kultur etxeak bitarteko tekniko guztiak jarriko ditu haien eskura.