200 sudurzalek korrika egin dute Egiako parkean barrena.
VI. Sudur Krosa jokatu dute Egiako parkean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euriak ez du zapuztu Egiako parkean jokatzen den lasterketa. Izan ere, aurtengo Sudur Krosak 200 korrikalari inguru bildu ditu, eta neska zein mutilak 6 kilometroko ibilbidean zehar korrika ibili dira. 17:00etan abiatu da lasterketa, eta 3 kilometroko zirkuituari bi buelta eman dizkiote: Baliabideen Etxera doan malda gogorra, Loiolako Erribera aldeko bidegorria, ibai ondoko eskailerak…
Gizonezkoetan lehenengo lau korrikalariak 20 minutuko denboraren bueltan ibili dira, baina azkarrena Imanol Gonzalez altzatarra izan da, 20 minutu eta 23 segundurekin. Bigarrena Lasarteko Raul Gomez izan da, 20 minutu eta 32 segunduko denbora eginez. Hirugarrena, berriz, Jon Arzubialde donostiarra (20:49) izan da.
Emakumezkoetan bi donostiar eta hondarribiar bat igo dira podiumera. Lehenengo postua Hondarribiako Claudia Behobidek lortu du, 24 minutu eta 16 segunduko denbora eginda. Bere atzetik Begoña Julian donostiarra ibili da, 24 minutu eta 41 segundu behar izan ditu ibilbidea egiteko. Hirugarren postua beste donostiar batek lortu du, Ana Cruz Oyarzabal, 24 minutu eta 57 segundurekin.
Parte hartzaile guztiek opariak izan dituzte, eta lasterketa amaitu bezain pronto mokadutxo bat hartzeko aukera izan dute, Plaza Haundin. Bertan ere sari banaketa eta zozketak egin dituzte, IRUTXULOKO HITZAren materiala tartean.
[Gallery=182]