Euskararen aldeko Amara Berriko lasterketan izena emateko epea zabalik da
ABkrossa ekainaren 27an egingo dute; 6 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek.
Iaz egin zuten lehen aldiz Euskararen Aldeko Krosa, kirolaren bidez Amara Berrin euskara sustatzeko asmoz. Aurten ere egingo dute, baina lasterketa ez ezik, beste hainbat jarduera antolatuko dituzte: umeentzako lasterketa, zuzeneko musika emanaldiak, animazioa… Izena ere aldatu diote kirol proba honi, eta aurrerantzean ABkrossa izango da. Lasterketaren egunean bildutako diru guztia euskararen aldeko proiektuetara bideratuko dute. Lasterketan izena eman daiteke jada Herrikrossaren webgunean.
Ibilbidea 3 km-ko zirkuitu itxi bat izango da. Amara Berriko Probestu plazatik irtengo dira korrikalariak, eta Loiolako Erriberako parke eta kaleetan barrena ibili ondoren, irteerara itzuliko dira. “Zirkuitu gora-beheratsua da, baina edonork erraztasunez amaitzeko pentsatua”, azaldu dute antolatzaileek. 6 kilometroko proban bi bira eman beharko dituzte korrikalariek; eta 3 kilometrokoa hautatuz gero, buelta bakarra.