Sustapenak Donostia 2016ra, Punto Denda espaziora eta berrikuntza teknologikora bideratuko du dirua.
Hiriaren ekonomia suspertzeko erabiliko dute dirua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Handitu egin da Donostiako Sustapenaren Ekonomia Sustatzeko Planaren (DESP) aurrekontua, eta 400.000 euro gehiago izango ditu Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2015eko Planak (DESP). Horrela, aurrekontu osoa 8.323.774 eurokoa izango da. Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek aurkeztu du aurrekontua, eta diru sarrera berria merkataritzari lotutako hiru lan-ildo bultzatzeko erabiliko dutela adierazi du: auzoen lurralde-kohesioa bultzatu (225.000 euro), Donostia 2016ri begira merkataritzako lokalen itxura hobetzeko laguntzak eman (125.000 euro) eta Punto Denda espazioaren bitartez, berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta merkataritza berritzailea sustatzea (50.000 euro).
1) Auzoen lurralde kohesioa (merkataritzako lokalen okupazioa eta ekintzailetza sustatzea):
– 2.000 euroko laguntza, DESP planean lehentasunezkoak diren auzoetan irekitzen dituzten komertzioetarako (Altzan, Egian, Bidebietan, Loiolan, Martutenen, Amaran edo Intxaurrondon), auzoetan ekintzailetza bultzatzeko helburuz.
– Hutsik dauden lokalen okupazioa bultzatu eta auzoko eskaintza dinamizatuko dituzten neurriak; horrekin batera, merkataritza dinamizatzeko kanpainak eta auzoetan erosketa-espazio horiek sustatzea, merkataritzako gastuari hirian bertan eusteko eta fluxu komertzialak erakartzeko.
2) Merkataritzako lokalen itxura hobetzeko laguntzak, 2016ko Hiriburutzari begira:
Donostia 2016 gertu dagoela kontuan hartuta, dendetara eta ostalaritzara negozio aukera berriak erakarri ahal izateko, irudiari, IKTen erabilerari, zerbitzuaren kalitateari eta, azken batean, lehiakortasuna hobetzeari laguntzak eskainiko dizkiote. Horretarako, lokalen kanpoaldeko estetika egokitzeko eta hobetzeko diru-laguntza lerro berria egokituko dute; izan ere, hiriaren erakusleiho izanik, 2016 urteari begira, hiriaren itxura erakargarria eta kalitatezkoa eman dezaten, bai eta negozio bakoitzaren irudi bereizia ere.
3) Berrikuntza teknologikoa bultzatzea, Punto Denda espazioaren bitartez:
– Teknologia berrien gaineko trebakuntza eta sentsibilizazioa eta mobile commerce; honek tokiko merkataritzaren lehiakortasunean lagun dezake.
– Donostia komertzial baten promozio aktiboa, “Shopping in San Sebastián by Puntodenda”, merkataritza, aisia eta turismoa dinamizatzeko ekintza-plan batekin.
– IKTekin lotutako komertzio eredu berriak eta komertzio berritzaileak bultzatzea: Punto Dendan produktuak eta zerbitzuak testatzeko aukera emanez, PD showroom teknologiko gisa erabiliz (komertziorako IKT produktuen eta tresnen erakustaldiak), komertzioan ekiteko berariazko programa berriekin…
– Punto Denda elkargunea eta lankidetzarako eragileen sarea sortzeko gunea izan dadin sakonago lan egitea: enpresen arteko topaketak, networking, merkataritzako foroak…