Hirira bizitzera etortzen direnen lehen hartu-emana, oinarrizko beharrak eta hizkuntza ezagutza bermatuko ditu udalak .Auzoetako elkarteekin ere harremanetan jarriko dituzte.
Asteartean egindako agerraldia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Udalaren Kultur Aniztasun sailak hirira bizitzera datozenei ongi etorria egiteko harrera protokoloaren diseinua aurkeztu du. Hain zuzen ere, agerraldia egin zuen asteartean horren berri emateko, eta bertan izan ziren Kultur Aniztasuneko zinegotzi Naiara Sampedro eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko eta SOS Arrazakeria Elkarteko ordezkariekin batera. Bi urtetan diseinatu dute protokoloa, eta Gros eta Intxaurrondo izango dira proiektua abian jarriko duten lehen auzoak.
Hiru urratsetan banatu dute protokoloa: lehen hartu-emana, oinarrizko beharrak asetu eta hizkuntza ikastea, eta auzoen proposamena.
Iritsi berriak lehen hartu-emana ezagunekin edo elkarteekin izan ohi ditu. Ondoren, denbora bat pasata, erroldatu egiten da (edo ez), eta une horretan administrazioarekin lehen harremana izaten du. Udalak, ongi etorri ekitaldia egiten die erroldatuei hiru hilabetean behin, eta erroldatu ez direnei ere hiriaren informazioa eskaintzen die.
Hirira iristen diren guztiek ez dituzte oinarrizko beharrak asetu behar, baina gabezia hori dutenei udalak laguntza eskainiko die, horiek gabe integratzea zaila delako. Hizkuntzak ikasteko baliabideak ere luzatuko dituzte.
Erroldatu ondoren, auzoetan integrazioa bultzatzeko eta hiriaren parte aktibo bihurtzeko ekitaldiak antolatuko dituzte. Auzo bakoitzean dinamizatzaile bat jarriko dute, auzotar eta elkarteekin harremanetan jartzeko, eta jai zein jarduera ezberdinen bitartez, etorri berriak eta auzotarrak modu natural eta erlaxatuan elkar ezagutzea izango da helburua.
Ekainean proiektuaren lehen balorazioa egingo dute, eta ondoren, protokoloa behin betiko diseinatuko du udalak.
Integrazio kontzeptua
Kultur Aniztasuneko zinegotzi Naiara Sampedroren esanetan, xedea etorri berriak eta donostiarrak integrazio kontzeptua ondo ezagutzea da, eta hiru arlo nabarmendu ditu; sozioekonomikoa, kulturala eta politikoa: “Udala hor dago etorri berriei laguntza eskaintzeko, baina gure helburua hori baino gehiago izatea da; ez dugu soilik laguntza eskaini nahi, etortzen diren horiek emateko dutena ere balioan jarri nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da integrazio kontzeptua bere osotasunean ulertu eta zuzen egin dadin lan egitea”.
Hirian «inor ez dagoela soberan» erantsi du Juan Karlos Izagirre alkateak: «Hasieratik hiritar sentiarazten laguntzen dute elkarte zein norbanakoek, eta horien lana benetan garrantzitsua da. Ez dugu ahaztu behar Donostiako %42 ez direla hirian jaio, eta horietatik %34 Euskal Herritik kanpo jaio direla. Hiria anitza da, eta hori zaindu behar dugu».