Gizarte Ongizateko zinegotziak iazko datuen berri eman du. Larrialdietako laguntza eskaeren %64,8 emakumeek egin dituztela jakinarazi du.
Gizarte Ongizate sailak Morlansen duen bulegoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gizarte Ongizate sailak iazko datuen memoria aurkeztu du egunotan. Arloko zinegotzi Jon Albizuk nabarmendu du azken lau urtetan inbertsioa %7,74 igo dutela. Izan ere, hasierako 22 milioi euroetatik ia 24 milioi eurora hazi da Gizarte Ongizatera bideratutako diru kopurua.
Iaz, guztira 16.582 espediente tramitatu zituzten, eta gizarte larrialdietako laguntzen bidez 2’2 milioi euro banatu dituzte 2.613 familien artean; diru horretatik udalak 949.000 euro jarri ditu, eta laguntzen %54 etxebizitzaren inguruko arazoekin lotuta daude. Hain justu, hipotekaren gastuetarako laguntza eskaerak handitu egin dira.
Dena den, hausnarketarako datuak ere daude; emakumeen egoera, esaterako. Datuen arabera, gizarte larrialdietako laguntza eskaeren %64,8 emakumeek egin zituzten iaz, eta guztira 171 emakumek behar izan zituzten gizarte zerbitzuak genero indarkeriaren kontrako programetan.
Horretaz gain, iaz gizarteko segmentu kaltetuenei laguntzeko diru laguntzetatik 1.455 laguni eman zieten zerbitzua, eta horietatik 785 emakumeak izan ziren.
Albizuk adierazi du gai horri aurre egiteko moduak aztertuko dituztela: “Bazterketak emakume aurpegia dauka, eta arreta deitu digu laguntza behar duten emakumeen kopurua gizonezkoena baino nabarmen handiagoa dela. Horregatik, gai horren inguruan hausnarketa egitea erabaki dugu”.
Bestalde, azken lau urte hauetan 239 familiatik 679ra igo dira udalaren laguntzak, eta alor horri eskainitako ditu kopurua ere. Etxez etxeko laguntzen igoera aipatu du Albizuk, atal horretara eskanitako laguntza 1’7 milioi eurotik 3’1 milioi eurora igo baita.
Azpiegiturei dagokienez, Loiolako Erriberan bulego bat eraikiko dutela iragarri du: «Lanak maiatzaren lehen hamabostaldian hasiko dira. Hiriak dituen zazpi bulegoen lana osatuko du», esan du Albizuk.