Liburu dendek topaketarako duten gaitasuna indartuko dute Literaktum jaialdian
Maiatzaren 5etik 16ra bitarte egingo dute aurtengo ekitaldia.
egitarau zabala izango du, eta marka bihurtu nahi dituzten gaien bidez sailkatu dituzte jarduerak: ibilbideak, erronka, irakurgunea, literatura eta gehiago, natura poetikoa, Liburu Lurraldea, Literaktumek aurkezten du, apaletatik bidaia, kafea idazleekin eta ametsekin jolasean. Honela, adibidez, ibilbideak izeneko atalean, Almudena Grandes eta Maria Dueñas idazle ospetsuekin elkarrizketa sakonak izateko aukera egongo da; erronka gaiak egun eztabaidagai diren auziak landuko ditu, hainbat idazle eta intelektualen eskutik; irakurgunea Alderdi Ederreko parkean egongo den karpan ezarriko dute, solasaldi eta irakurketa klubez gozatzeko.
Liburu Lurraldean liburu dendek topaketa eta elkarrizketarako duten gaitasuna indartu nahi dute: “liburu dendak ezinbesteko guneak dira kultur bizitzan, leku dinamiko eta irekiak; askatasun tarte bat elkarrizketarako, aurkikuntzarako eta gogoetarako”, azpimarratu dute Donostia Kulturatik. Modu horretan, idazleen guneak, eztabaidak eta irakurraldiak erabiliko dituzte horretarako. Garoan, esaterako, Markel Ormazabal izango da maiatzaren 14an, Oier Gonzalezekin batera.
Kafea idazleekin programan irakurle taldetxo batek aukera izango du Maria Dueñas eta Harkaitz Cano idazleekin hitz egiteko, liburu denda batean kafea hartu bitartean, Maria Dueñas eta Harkaitz Cano tartean. Donostia Kulturako bazkideentzako eskaintza izango da. Zozketa Donostia Kulturaren webgunean izena ematen dutenen eta literatur solasaldietan parte hartzen dutenen artean egingo dute.
Bitakora
Jarduera horien guztien berri Literaktum kaiera blogak emango du. Urtero idazle bati ematen zaio kaiera horretan idazteko eginkizuna, eta aurtengo jaialdian Danele Sarriugartek idatziko du literaturari eskainitako egun horien kronika. Bere ikuspuntua erakutsiko du, jaialdiaz duen ikuspegia, programa osatzen duten jardueren bitartez.
Bestalde, Olatu Talka jaialdiaren baitan izango den jarduera baten berri eman dute. Izan ere, Polloeko hilerrian barrena ibilbide bat prestatu dute. Bertan Lugaritzeko Bertso Eskolako ikasleek, zenbait bertsolari eta musikarirekin batera, kulturako, gizarteko eta historiako zenbait pertsonaiengana hurbilduko dituzte ikusleak ahozko literaturaren bidez.
Lankidetza ugari
Liburu Lurraldea programa ez ezik, DSS2016EU-ek beste zenbait proposamenetan ere hartuko du parte, jaialdiko jarduerak hiriburutzaren lan ildora hurbiltzen direnean. Koldo Mitxelena Kulturuneak literatur esperientzia iruditan jartzen duen erakusketa bat egingo du, bai eta bi proposamen poetiko-musikal ere. Euskal Idazleen Elkarteak aholkularitza lanetan ibili da jaialdiaren plangintzan eta jaialdirako proposamenetan, bereziki euskarazko literatur produkzioari dagokionez.
Donostia Kulturak literatura eta poesia oinarri dituen jardunaldiak antolatu ohi ditu urtero, Literaktum izenpean. Aurtengo ekitaldian Liburuzainen elkartearekin eta DSS2016EU hiriburutzarekin lortutako lankidetzari esker, Liburu Lurraldea programa sortu dute, liburu dendek topaketa eta elkarrizketarako duten gaitasunari indarra emateko. Hiri osoan zehar izango dira jarduerak eta literaturaz hainbat ikuspegi eta modu ezberdinen bidez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Literaktum jaialdiak