Datorren astelehenean abiatuko da Intxaurrondoko kantuzaleek bultzatutako jarduera
Lagunekin kantari programaren saio bat. (Argazkia: Mikel Goñi)
Lagunekin Kantari iristear da aurten ere Intxaurrondora, hamalaugarren urtez jarraian. Larrotxene kultur etxea izango da aurten ere erdigunea. Kantuzaleen urteroko bateragunea bihurtu da jada auzotik bertatik sortutako jarduera, eta aurten ere luxuzko gonbidatuak izango ditu: Niko Etxart eta Amaia Zubiria. Zehazki, datorren astelehenean, maiatzaren 4ean, abiatuko da eta maiatzaren 22an bukatuko da, urteroko kantu afariarekin.
Taldean abesteko ohitura berreskuratzeko asmoz, 2001ean euskal kanten ikastaro bat antolatu zuten IZBE-k (Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea) eta Donostia Kulturak. Bide batez, auzoan euskal giroa zabaldu nahian, euskaldunak euskaldunekin jarduera ludiko baten bidez harremanetan jartzea zuten helburu. Hurrengo urtean, ikastaroaren bukaera gisa, programa bat abiatu zuten, Lagunekin Kantari izenburupean. Programak badu berezitasun bat, kantariek emanaldiaren erdia jendearentzat kantatzen dute (euren abestiak), eta beste erdia, jendearekin batera, (kantu tradizionalak). Programak beste atal bat dauka, Etxekoekin Kantari deitu ziotena. Bertan, azken hitu urteetan, Donostiako ikastaroetako kideak oholtzara igo dituzte entzule aulkietatik. Horretaz gain, programarekin bate eginez, kantujira egiten dute auzoko kaletan barrena eta kantu afari bat auzoko elkarte batean. Hala, pixkanaka, Lagunekin Kantari jarduera estimatu eta erreferente bihurtu da Donostian, antolatzaileen esanetan.
Larrotxeneko ekitaldi aretoan 90 bat lagun sartzen dira orotara, eta kantarien eta entzule-kantarien arteko gertutasuna erabatekoa dela diote.
LAGUNEKIN KANTARI 2015
4, ASTELEHENA
Niko Etxart: Euskaraz abestutako rockaren aitzindaria da Niko Etxart, eta 70eko hamarkadan zuzenean esku hartu zuen euskal rockaren sorreran. Bakarlari gisa arrakasta handia lortu du, baita Minxoriak taldearekin ere. Hala ere, herri musika ez du inoiz baztertu, eta hainbat pastoraletarako sorkuntzak egin ditu.
11, ASTELEHENA
Amaia Zubiria: Abeslari garrantzitsua da euskal folkaren barnean. Bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu 30 urtez. Kantaera dotore eta sakona du.
18, ASTELEHENA
ETXEKOEKIN KANTARI: Kantaldiaren lehenengo zatian, Donostiako kanta taldeetako lagunak izango dira protagonista, aulkitik oholtzara pasata.
22, OSTIRALA
KANTU-JIRA eta KANTU-AFARIA
Larrotxene parean elkartuko dira kantuzaleak, eta kantua eta dantza kalera aterako dituzte. Kantu-afaria Artzak Ortzeok elkartean egingo dute (16 euro). Txartelak salgai dituzte Larrotxenen.