Bakearen Usoa Saguesen dago, astearteaz geroztik. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Saguesen dago jada Nestor Basterretxearen eskultura, itsasoaren ondoan. Iazko azaroan desmuntatu zuten Amara Berriko Aita Donostia plazatik, eta Errenteriako tailer batetik igaro da berritze lanak jasotzeko.
Astelehenean muntatu behar zuten Bakearen Usoa, baina haizeak gogor jo zuen, eta lanak bertan behera utzi behar izan zituzten. Honela gauzak, astearte eguerdian, eguraldia lagun, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924–Hondarribia, 2014) eskultura jarri zuten Saguesen.
Ikusmin handia piztu zuen muntaketak, eta jende asko hurbildu zen eskultura jartzeko lanak ikustera. Iaz iragarri bezala, artista bermeotarraren obra Saguesera iritsi da, Amara Berriko Aita Donostia plazatik kendu ondoren. Iazko azaroan desmuntatu zuten eskultura, eta Errenteriako tailer batean zaharberritu zuten.
Ez da, ordea, Bakearen Usoa itsasoaren aurrean dagoen lehen aldia: 1988ko abenduaren 21ean inauguratu baitzen Zurriolako pasealekuan. Urte gutxira, Kursaalen obrak hasi zirenean, Amara Berrira eraman zuten; aldaketa hori behin-behinekoa izan zen, eta Nestor Basterretxeak berak berriz itsas aurrera itzultzeko baldintzapean onartu zuen aldaketa.
Saguesera eramateak, beraz, artistaren oroimenarekiko zegoen zorra kitatuko du. Hilaren hasieran hasi ziren Sagueseko zabalgunea berritzeko lanak. Bertako kirol ekipamenduak ere berritzen ari dira.