Itsaso Gutierrez: 'Agian horregatik dago triste'
Itsaso Gutierrez, hezitzailea eta musikaria
Badira egunak ama triste ikusten dudala. Berak ez dakien arren atzo negarrez entzun nuen atearen bestaldetik. Gaur goizean kafea hartzen ari zela ea pozik dagoen galdetu
diot eta baietz esan dit. Baina ez da konturatu burua makur zuela. Burua makurtzen
duen bakoitzean gezurretan ari dela dakit. Ez diot inoiz esan. Behin, duela asko, ama
entzun nuen, Isabeli ezgaitua nintzela esaten, a-tze-ra-tu-a! negar batean. Ez daki
atearen bestaldean nengoenik. Isabelek besarkatu zuen eta utzi zuen triste egoteari. Gaur ama besarkatu dut kafea eskutan zuela, baina kafea gainera erori zaiolako haserretu zait. Baina zertan ari zara! Nola zara hain baldarra! Askatu! Utzi! Beti zurean pentsatzen! Nire besarkadak ez dira Isabelenak bezalakoak. Agian Isabel deitu beharko dut ama pozik jar dadin, baina nola? Amak ez badit telefonoa uzten. Beste telefonoa hautsi nuenetik ez. Gogoratzen dut, bost zenbakia sakatzen nuen bakoitzean NI egiten zuela eta hiruarekin NO. Anbulantziatara jolasten nuen harekin. Ni-no ni-no ni-no hemen
sendagilea nor dago gaixorik? Eta amak barre egiten zidan. Buruan jartzen nuen eta anbulantziaren argien gisa piztu-itzali aritzen nintzen. Puskatu zenetik ez dit berriarekin jolasten utzi. Amak kafez zikinduriko pijama astintzen zuen bitartean ni-no ni-no ni-no hemen sendagilea… hasita ere … Orain ez dut jolastu nahi! Gosaldu eta jantzi bizkor! Lanera joan behar duzu-eta! Ez dut bere barrea lortu. Isabeli deitzeko telefono bat eskatuko dut.
Amak Isabeli atzeratua naizela esan zion, baina ni beti lanera joateko ama baino lehenago ateratzen naiz. Ama nire atzetik ateratzen da, beti. Eta berandutu egiten zaio. Beti presaka dabil, eta askotan ez ditu giltzak topatzen. Txamarra guztien poltsikoak miatuta ere, poltsa guztien kremailerak ireki-itxita ere, ahaztu egiten du ia egunero non utzi dituen. Nik ez. Nire gelan badut armairu handi bat. Armairua tiraderaz betea dago. Eta ongi antolatuak ditut. Batean etxeko giltzak gordetzen ditut, bestean lanekoak, bestean agenda, bestean arkatzak, albokoan ezabagomak eta txorroskiloak. Banaturik nahi nituen, baina ez zait ezta tiradera bat ere hutsik gelditu, eta elkarrekin jarri behar izan nituen. Horren azpikoan axota urdinak; ezkerrekoan gorriak; aurrekoan berdeak; aurrekoan beltzak. Eta azpiko tiradera luzean kolore askotako errotulagailuak, berdin zait guztiak elkarrekin egotea. Amak tiradera-altzari hori nirekin erosi zuen eta oso pozik jarri zela gogoratzen dut. Gauza guztiak txukun-txukun antolatu nituenean. Nonbait berak ez daki hori egiten. Halere, ni giltzak non gordetzen dituen begira egoten naiz, lanera joan aurretik bilatzen laguntzeko. Gaur, Segi lanera, gero elkartuko gara! oihukatuz agurtu egin nau. Liburutegi batean egiten dut lan. Jendeak hartzen dituen liburuak nondik hartzen dituen ahaztu ohi du, eta nik txukundu behar izaten ditut. Buruz dakizkit batzuk, gainera! Eta ez dut kodeak begiratzeko beharrik. Liburutegian ere jendea presaka dabil, ama bezala. Eta gauzak ahaztu ere egiten ditu. Jertseak, aterkiak, txamarrak, zorrotxoak, poltsak, betaurrekoak… Nire lana horiek jasotzea eta idazkaritzara eramatea da. Halere, batzuetan eskura ematen dizkiet atea zeharkatu aurretik. Barre batez eskertu ohi didate, amak bezala. Eskolan maiz barre egiten zidaten horregatik: besteen gauzak hartu eta itzultzeagatik. Han ere presaka ibiltzen ziren guztiak alde batetik bestera noraezean, galduta baleude bezala. Baziren atzeratua! atzeratua! esanez madarikatzen nindutenak, eta maisuak jaramonik ez egiteko esaten zidan. Eurak zirela atzeratu, niri hala deitzeagatik. Isabeli deituko diot. Amak negarrez ezgaitua naizela esan zionean besarkatu eta pozik jarri baitzen. Topatuko al zituen etxeko giltzak? Nik beti topatzen ditut. Agian, atzeratu naizela dioenak hala bada… agian, ama atzeratua da eta horregatik dago triste.