Kirola egiteko udako ikastaroen izen ematea irekiko dute hilaren 11n
Aurten 60.000 lagunentzako leku eta 77 kirol jarduera eskainiko ditu Donostia Kirolak
webgunearen bidez eta erakunde antolatzaileek jarritako bulegoetan egin daitezke.
Aurten taldekako izenemateak egiteko aukera ere eskainiko dute; ikastaro bakoitzeko gehienez lau lagunek eman dezakete izena batera.
Zozketa maiatzaren 15ean egingo dute, eta, plaza lortzen dutenek astebeteko epea izango dute ordainketa egin ahal izateko. Ondoren, bigarren fasea irekiko dute ekainaren 1ean, libre gelditu diren lekuak zozketatzeko.
Donostia Kirolak aurtengo udako ikastaro eskaintza argitaratu du gaur. Kirol zinegotzi Josu Ruizek aurkeztu du kanpaina, eta hilaren 11n irekiko dute izena emateko epea, eta zozketa 15ean egingo dute. Ikastaroak berriz, ekainaren 1etik irailaren 30era arte izango dira. Ruizen esanetan, 60.000 lagunentzako lekua eskainiko dute, eta aurtengo kanpainan parte hartzen duten 40 erakundeekin elkarlanean, 77 kirol jarduera eskainiko dituzte.
Kanpaina bi multzo handietan banatu dute: 16 urte artekoei zuzendutako jarduerak eta gazte zein helduei eskainitakoak.
Ruizen esanetan, azken urtetan badira eskaera handitu duten hainbat jarduera, esate baterako, kirol anitzekoak, surfa, igeriketa, tenisa, eta piraguismoa: “Aipatzekoak dira surfa, body board, SUP eta antzeko jarduerak lortzen ari diren arrakasta; urtetik urtera kirol hauen plazen eskaintza handitzen ari da”.
Jarduera berriak
Zinegotziak azaldu duenez, 16 urte arteko haurren artean gero eta indar handiagoa hartzen ari dira kirol anitzeko izaera duten jarduerak, goizez edota egun osoz ematen direnak: hizkuntzekin, surfarekin edo ingurugiroarekin erlazionatuak, bazkaria zein bazkaririk gabe… Aurreko urtean jarduera horietan 2.600 haur baino gehiagok hartu zuten parte.
Jarduera kopurua handitu dutela aipatu du Ruizek, eta arrakastatsuenen artean arku-tiraketa, urpeko jarduerak, mahai tenisa, belaontzia, zesta punta, esku pilota, latin zumba, itsasoan gimnasia, atletismoa, mendiko txirringa, eskalada, esgrima eta hipika sartu ditu. Horrekin batera aurten hainbat diziplina berri txertatu dituzte, hala nola, emakumeen pelota, hondartzako kross trainning-a, zirkoa parkean, hipopresiboak, snorkel familian eta total trainning-a.
Gainera, aurtengo programan, duela gutxi onartu duten pilotarako plan estrategikoarekin bat eginez, pilota modalitate ezberdinetako ikastaroen eskaintza bultzatuko dute, Gipuzkoako Federakuntza eta hiriko klubekin batera.
Helduentzako eskaintza zabala
UDA Kanpainan udako kirol eskaintza osoa integratu dute, eta hala, pilates, aerobika, mantentze gimnastika, ziklo-indoor eta antzeko jardueretako hilabete edo hiruhilabeteko ikastaroak eskainiko dituzte ere, helduei zuzenduta. Areto jarduera hauek ekainaren 1ean hasiko dira eta, beraz, hauetarako izenematea maiatzaren 4ra aurreratu dute; izenemate hauek aurrez aurre baino ezin izango dira egin.
Ikastaroak euskaraz
Ruizen arabera, azken urtetan euskara hutsez ematen diren ikastaroen eskaintza handitzeko ahalegin handiak egiten ari dituzte, eta aurten, ikastaro guztien erdia baino gehiago euskaraz izango direla adierazi du; gainera, 16 urte artekoen jardueren euskara kopurua % 60 izango da.
Zinegotziak azaldu duenez, gero eta elkarte gehiagok eskaintza osoa euskara hutsez egiten dute, besteak beste, Donostia Kirola, Tximeleta, Donosti Kayak, Donosti Berri, Gipuzkoako Pilota FED eta Real Sociedad.
Izena ematea
Azken urte hauetan egindako izenemate sistemarekin jarraituko dute, bi fasetan diseinatuta: aurretiko izenemateko fase bat maiatzaren 11tik 14era egingo dena. Fase honetan ikastaro bakoitzeko pertsona bakoitzak aurretiko izenemate bakarra egin ahal izango du.
Aurre-izenemateak