Abeslari donostiarrak 'Subita' izeneko lana kaleratu berri du; euskaraz, gazteleraz eta portugesez idatzitako hitzekin
Maria Berasarte, Viktoria Eugeniako eszenatokian egin duen prentsaurrekoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela bost urte itzuli zen Maria Berasarte etxera, Donostiara, Madrilen 14 urte egin ostean. Orduan konturatu zen, bere garaian Madrilera eraman zuen grin hori galdua zuela, eta bere hirian geratzea erabaki zuen.
Subita izeneko diskoa kaleratu berri du orain abeslari donostiarrak, fadoak dituen arren, fado diskoa ez den lana, Berasarteren hitzetan: “Nire bizitzako diskoa da. Disko guztiak izaten dira garrantzitsuak, baina honekin nire identitatearen zikloa itxi dut”.
Portugaleko kantu tradizional mota bat dira fadoak, maitasun abesti tristeak; halako doinuekin osatu zuen Berasartek bere aurreko diskoa,
Todas las horas son viejas. Oraingoan, ordea, hamahiru abesti jaso ditu, euskaraz, gazteleraz eta portugesez idatzitako hitzekin, eta bere estilora eraman ditu. Abesti horien artean dago Mikel Laboaren
Txoriak txori: “Lehen aldiz enkargatu zidatenetik abesten dut kontzertu guztietan. Abestu beharra daukat, donostiarra naizelako eta Mikel Laboarena delako. Dagoeneko ereserki moduko bat bihurtu da”.
Viktoria Eugenia antzokian eman du diskoa aurkezteko prentsaurrekoa Berasartek, Jose Luis Monton gitarristarekin batera. Aurkezpena, ordea, ez da prentsa aretoan izan, eszenatoki gainean bertan baizik. Gogoko du Berasartzek Viktoria Eugenia, argi utzi du, txikitatik zapaldu nahi zuen lekua baita. Hala, antzoki horretan bertan eskainiko du bere birako kontzertuetako bat, urriaren 21ean.