Lankidetza hitzarmena sinatu dute Sshops-ek eta sustapenak, lana bultzatu eta lehiakortasuna sustatzeko.
Tokiko merkataritza sustatzea da hitzarmenaren helburua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Sustapenak eta SShops-ek hitzarmen bat sinatu dute gaur, tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin. Garapen Ekonomikoko zinegotzi josu Ruizek eta Sshops-eko presidente Esteban Gonzalezek sinatu dute akordioa, ondorengo helburuekin: tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko, ekintzailetza sustatzeko eta laguntza eta programa estrategikoen bidez enplegua sortzeko. Horrekin batera, merkataritzako hiri-ingurunea suspertu, jarduera komertziala dinamizatu eta Donostia 2016 Hiriburutzari begira saltokiek kalitate bikaineko irudia eta zerbitzuak eskaintzea bermatu nahi dute.
Ruizen esanetan, hitzarmenaren bitartez hainbat programa martxan jarriko dituzte, hirian laguntza-politikak eta merkataritza sustatzeko bideratuta daudenak, esate baterako, belaunaldi-aldaketa, berrikuntza eta teknologia berriak, prestakuntza profesionala eta elkartegintzaren sustapenera.
Hitzarmenaren bigarren helburu bat merkataritzako hiri-ingurunea suspertzea da. Horretarako, erosteko eta aisialdiko guneak sortuko dituzte, hiriko merkataritza-gastuari eusteko eta beste hiri eta herrietako merkataritza-fluxuak bereganatzeko. Gainera, Donostiako saltokien irudia hobetu nahi dute, eta prestakuntza eskainiko zaie, 2016ari begira, ahalik eta zerbitzu onena eskaini dezaten, bai turistentzat eta baita bertako bezeroentzat ere.
Zinegotziak azaldu duenez, hitzarmenak berrikuntza teknologiko eta marketing arloko berrikuntza tokiko merkataritzara gerturatuko du, Punto Dendaren (Gipuzkoa Plaza) esparruan garatutako jardueren bitartez. Gune honen helburua hiriko eskaintza komertziala kontsumitzaile guztiek hobeto ezagutzea eta haien artean hedatzea da, joera komertzialen eta saltzeko teknika berrien inguruko informazioa ematearekin batera.
Hitzarmenaren bitartez, SShops-ek, eskaintzak erakartzeko, kudeatzeko eta bitartekaritzarako lanak egiteko konpromisoa hartzen du, sektorean gutxienez 100 kontratazio sustatzeko. Batez ere, Donostian beharrik handienak dituztenen kolektiboetako kideen eta 45 urtetik gorakoen kontratazioa bultzatuko dute.
Bestalde, sustapenak 119.104 euro bideratuko ditu neurri horiei laguntza emateko eta abian jartzeko.
Kalitatea eta berritasuna bultzatzeko neurriak
Akordioa Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren (PEED 2015) barnean sinatzen dute, eta hauek dira bertan zehaztutako neurriak:
– Enplegua sortu eta finkatu dadin bultzatzea, prestakuntzaren eta eskaintza eskariaren analisiaren bitartez.
– Enpleguaren kalitatea sustatzea.
– Merkataritzaren sektorean belaunaldien arteko errelebo prozesuak eta enpresa eskualdaketako prozesuak bultzatzea.
– Merkataritzari lotutako ekintzailetzari laguntzea, adituen sektoreko aholkularitzaren bitartez.
– Hiriko auzoetan lehiakortasuna babestea, aholkularitza eta prestakuntzako saioak eskainita, dauden komertzioak finkatzen laguntzeko eta inbertsio ekonomiko berriak bultzatzeko.
– 2016ko Europako Kultur Hiria izango da Donostia, eta horri lotuta, sektorearen prestakuntza prozesuan kolaboratzea.