Zilarrezko Euskadi Saria jaso dute Danele Sarriugartek eta Parinoush Saineek, euren lehen nobelengatik
Andoni Arantzegi, Mikel Mendarte, Parinoush Sainee, Danele Sarriugarte eta Nora Galparsoro. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Danele Sarriugarte elgoibartarra eta Parnoush Sainee iraniarra saritu dituzte Gipuzkoako liburu saltzaileek. Hain zuzen ere, Zilarrezko Euskadi Saria jaso dute bi idazleek, euren lehen nobelengatik.
Erraiak da Sarriugarteren lana, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du;
El libro de mi destino idatzi du, berriz, Saineek, Salamandra argitaletxearekin. “Justizia egin nahi izan dugu, liburu horiek gehien saldutakoen artean egon beharko liratekeelako, euren kalitatearengatik. Beharra eta gogoa zuten zerbait kontatzeko”, azaldu du Andoni Arantzegik, Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteko presidenteak. Finean, bi emakumek idatzitako bi liburu berezi dira saritutakoak, biak ere emakumeen ikuspegitik idatziak.
Bikote haustura mingarri bat du abiapuntu Sarriugarteren eleberriak; emakumezko baten kontakizuna bakarrik iritsiko zaio, ordea, irakurleari, obsesio bihurtuta. “Liburu honen ibilbidean momentuz jaso dudana da jendeak irakurri duela; batzuk ados daude, eta beste batzuk ez. Eztabaida sortu du eta horrekin pozik nago”, aipatu du Sarriugartek. Saineek, berriz, Irango emakumeen egoeraren berri eman du bere eleberriaren bidez, eta bere herrialdean bertan behin baino gehiagotan debekatu dute liburua. “Ikerketa lan txiki bat egin dut”, aipatu du Irango idazleak.
Gipuzkoako liburu saltzaileek ematen dute Zilarrezko Euskadi Saria urtero, eta Kutxa Fundazioaren, Donostia Kulturaren, Donostia Sustapenaren eta 2016 Fundazioaren babesa du sariketak. Hori dela eta, Kutxa Fundazioko Mikel Mendartek eman dio garaikurra Parnoush Saineeri; eta Nora Galparsororen eskuetatik jaso du saria Danele Sarriugartek, Donostia Sustapenaren izenean.