Anoeta Kiroldegiak estadioaren lanak lizitatuko ditu, eta Realak finantziazioari aurre egiteko prestutasuna azaldu du.
Kirol zinegotzi Josu Ruiz, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran, gaur egin duten agerraldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Anoetako lehiaketa bertan behera uzten zuen helegitea onartu zuen Kontratuko Helegiteen Administrazio Organoak (OARC) otsailan, baldintzetan “irregulartasunak” zeudela argudiatuz. Ordutik, Donostiako Udala proiektua aurrera eramateko irtenbide bat bilatzen saiatu da, eta gaur goizean Juan Karlos Izagirre alkateak, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran eta Kirol zinegotzi Josu Ruizekin batera, erabakiaren berri eman die hedabideei. Azaldu dutenez, Anoeta Kiroldegiak Anoeta estadioa eta miniestadioa berritzeko lanak lizitatuko ditu, eta behar izanez gero, Plan Berezi bat onartu beharko litzateke. “Realak bere prestasuna azaldu du obra honen finantziazioari aurre egiteko, eta lanak 2016ko maiatzan hastea aurreikusten dugu, 2015-2016 denboraldia amaitu ondoren”, adierazi du Izagirrek. Realarekin ez ezik, alderdi politikoekin ere adostasuna lortu dutela esan dute.
Hortaz, berrikuntza lana Realarekin estadioa erabili eta ustiatzeko indarrean dagoen hitzarmenaren baitan egiingo dute, “beti ere hasieratik jartzen genituen baldintzekin”: hiriarentzako ona izatea, estadioa eta bere ingurua berrituz; udalak dirurik ez jarri behar izatea; eta, jabetza %100 publikoa izatea. Realak lanak finantzatzeaz gain, Anoeta kiroldegiari Realak berak landutako proiektua eta dokumentazio guztia eskuragarri utziko dio.
Anoeta Kiroldegiak datorren astean bilera bat egingo du. Bertan udal taldeek, Anoeta Kiroldegiko zuzendaritzak eta Realak osatuko duten Jarraipenerako Batzorde Mistoa eratuko dute, eta zehaztazun gehiago emango dituzte. Batzordeak berak ezarriko du lanak finantzatzeko modua, baina Realak udalari aurreratu dio konponketa handietarako egungo hitzarmenak ezartzen duen %25eko ekarpena egiteko asmoa. Gainontzeko kopurua finantzatzeko moduak ere Realak berak bilatuko ditu.