Piraguismoaren goi mailan hemezortzi urte egin ostean, bere kirol ibilbideari agur esatea erabaki du Parte Zaharrekoak
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria eta Ekaitz Saies, prentsaurrekoa hasi aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sendo hartu du erabakia
Ekaitz Saiesek, eta halaxe azaldu du gaur prentsaren aurrean. Bere kirol ibilbidea itxi du Parte Zaharrekoak, 33 urterekin, bi munduko txapelketa eta nazioarteko beste hainbat garaipen lortu ostean. “Iaz Munduko Txapelketan hamabosgarren postua lortu nuen, orain arteko posturik txarrena. Top 15 horren barruan egonda , zenbaki polita iruditu zait uzteko” azaldu du Saiesek. Hala, piraguismoaren goi mailari hemezortzi urte eskaini eta gero, lehiak alde batera uztea erabaki du bere kabuz: “Zorionez erabakia nik hartu dut, eta ez da izan lesio batengatik”.
Arrazoi bat baino gehiagok eraman dute Saies piraguismoa profesionaldi uztera, eta hiru arlo aipatu ditu bereziki; familia, piraguismoaren egoera ekonomikoa, eta eta dagoeneko buruan zuen aldaketa: “Horrenbeste urteren ostean, iritsi da uzteko momentua. Goi mailako kirolaria azkenean 24 orduz da kirolaria, eta zaila egiten ari zitzaidan familiarekin bateratzea. Momentu honetan, gainera, gure kirola ez dago unerik onenean ekonomikoki, eta nire burua urtean proba bat edo bi prestatzen bakarrik ikusten nuen; eta zaila da motibazioa mantentzea hain proba gutxirekin”. Hala, lehiatzeari lehenago edo beranduago utziko ziola jakinda, duela hiruzpalau urte “trantsizio zubia” eraikitzeari ekin zion: “Banekien momentu hau iritsiko zela, eta beste kirolari batzuk entrenatzen hasi nintzen. Oso emaitza onak lortu zituzten, eta horrek motibatu egin ninduen horretan jarraitzeko. Doktoretza bat ere hasi nintzen egiten, eta horrek ere denbora asko kentzen dit”. Arrazoi horiek guztiek bere errendimenduan eragin dutela dio Saiesek, eta aurrerantzean kirola beste modu batera landuko du.
Lesio gogor bati aurre egin zion
Bere aitaren pausoak jarraituz sartu zen Saies piraguismoan, gaztetan beste hainbat kirol probatu ostean. Olinpiar Jokoetarako sailkatu ez bazen arren, momentu oso gozoak bizi izan ditu Saiesek bere ibilbidean. Zehazki, 2009 eta 2011 denboraldietan izan zen Saies munduko txapelduna, k1 4x200m proban, bere errelebo taldekideekin batera; eta bakarka nazioarteko hainbat domina lortu ditu. Momentu gaziak ere izan ditu, eta horren lekuko adierazgarriena da
2010ean izan zuen motor istripua. Peronea hautsi bazuen ere, denboraldi horretan lanean jarraitu zuen, txapeldun handi baten moduan. Hala, Portugalen urrezko domina jantzi zuen, Espainiako Kopa irabazi zuen 200 metrotako proban, eta Europako eta Munduko Txapelketetan lehiatu zen.