Karmele Urbistondo, Iñaki Egaña eta Arantxa Erasun, atzoko agerraldian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Euskal Memoria Fundazioak «tresna baliagarri bat» jarri du herritarren eskura. Hain zuzen ere, «aitortu gabeko» hildakoen 490 espediente jarri ditu atzo aurkeztutako Dokumentazio Gune berrian. Elkarte pribatu bat bada ere, Euskal Memoriaren eginkizuna publikoa da. Horrenbestez, jasotako informazio eta dokumentazio guztia sarean jarri du, biktima horiek guztiak onartuak izan daitezen helburuarekin. Euskalmemoria.eus webgunean egin daitezke bilaketak. 1960. urtetik orain arte izandako hildakoei buruzkoek betetzen dute tarterik handiena, baina badira ere gerra garaiko biktimak ere.
Honen guztiaren berri emateko agerraldia egin zuten atzo, San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan. Euskal Memoriako kide Iñaki Egañak, Arantxa Erasunek eta Karmele Urbistondok hartu zuten hitza, «errepresioaren eta gatazkaren testuinguruan» kokatutako lana aurkezteko.
Egañak argi utzi zuen aurkezpenarekin ez dutela lana amaitu, beti egongo baitira dokumentu berriak espedienteak osatzeko. «Prozesua beti egongo da irekia; egia ez da inoiz biribila izaten, adarrak ditu», zehaztu zuen historialari amaratarrak. Urbistondok berak jakinarazi zuen herenegun bertan biktima baten senideek deitu zietela, 1974an errepide kontrol batean gertatutakoari buruzko datu gehiago emateko.
Hain zuzen ere, Dokumentazio Gunea osatzeko iturri nagusia senideak izan direla azaldu zuten. Era berean, nabarmendu zuten nazioarteko arauak oinarri egin dutela lan, eta, hortaz, egindakoak «sinesgarritasun osoa» duela.
60 donostiar
490 txosten daude sarean, hildako bakoitzari dagokien datu, argazki, prentsan ateratako albiste eta bestelako dokumentuekin. Donostiarrei dagokienez, 60 espediente aurki daitezke bilaketa orokorra eginez gero. Izen ezagunak daude, baina badira hainbesteko oihartzunik izan ez zuten hainbat eta hainbat pertsona tartean. Donostian gertatutakoak ere kontsulta daitezke.
Euskal Memoriak argitaratutako azken lanean azaldutako biktimak aurki daitezke, esaterako. Hain justu, gerra zikinari buruzko lan monografikoa kaleratu zuen fundazioak iaz, Deklaratu gabeko gerra. Estatu Terrorismoa Euskal Herrian izenburuarekin. Bada, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jon Anza, Tomas Alba, Justo Elizaran eta Santos Blanco donostiarren inguruko espedienteak topa daitezke.
Espetxean, erbestean, segada batean, leherketa baten eraginez… hainbat gertaerengatik hildako beste hainbat donostiar ageri dira: Oihane Errazkin, Maria Francisca Eraunzetamurgil, Olaia Castresana, Rosa Zarra, Gladys del Estal, Iñaki Kijera… Zorigaiztoko zerrenda luzea da.