Bagerak antolatu du mahai ingurua, Koldo Mitxelenan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Udal hauteskunde kanpainan murgilduta dago hiria bete-betean. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak mahai inguru bat antolatu du testuingu horretan, bost hautagai bildu baititu euskararentzat dituzten proposamenak azal ditzaten. Sei ziren gonbidatutako ordezkariak, baina PPko alkategai Miren Albisturrek huts egin du azken unean, “agenda arazoak direla eta”. Azkenean, Koldo Mitxelena kulturunean egindako eztabaidan Plaz!-eko Josebe Iturrioz, Irabazi Donostiako Sabin Zubiri, EAJko Miren Azkarate, PSE-EEko Duñike Agirrezabalaga eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirre aritu dira solasean,
Gaztezulo aldizkariko kazetari Aitor Abaroaren gidaritzapean. Bostek argi utzi dute euskara sustatzea beharrezkoa dela; lan hori nola egin, berriz, ez dute denek berdin ikusten.
Iturriozek, Azkaratek eta Izagirrek ez dute inongo arazorik izan euskara lehentasuna dutela aitortzeko. Hiruek erabilerari eman diote garrantzia, eta ildo horretan lan egin behar dela nabarmendu dute. Zubirik eta Agirrezabalagak ere erabilera bultzatzeko orduan dagoela gakoa esan dute, baina, PSE-EEko ordezkariaren arabera, “Donostian bi hizkuntz ofizial daudela ahaztu gabe”. Agirrezabalagak esan du herritarrek “bi tresna” dituztela komunikatzeko, “ez elkarren aurka aritzeko”. Bere hitzetan, “hiri hau elebiduna da, ez elebakarra, eta euskara ezin da erabili baztertzeko”.
Zubirik, bere aldetik, sustapenaren aldeko apustua berretsi du, baina “modu positiboan, erdaldunak baztertu gabe”. Honen harira, adierazi du zinegotzi guztiak euskaldun izateko balizko baldintzaren aurka egongo liratekeela, hautagai izateko eskubidea urratuko litzatekeelako. Ondoren, bi proposamen egin ditu euskara sustatzeko: euskaltegien doakotasuna proposatu du, erakundeen diru laguntzen bitartez; eta euskara progresiboki txertatzen joatearen printzipioaren alde egin du.
Izagirrek legegintzaldian egindakoaren errepasoarekin ekin dio bere txandari. Helburua Donostia euskalduna izatea dela berretsi du, eta hori horrela izateko “borondate politikoa” ezinbestotzat jo du: “Legegintzaldian gauzatu dugun eredua baliatu dugu euskararekin ere, behetik gora egin baitugu lan”. Egindakoen artean, auzoetan euskara batzordeak sortzea oso garrantzitsua izan dela azpimarratu du: “Lehen bi batzorde zeuden; orain hamaika”. Euskara Zerbitzua udalean txertatu dutela gogoratu du, Patronatuaren desegitearekin. Euskarari eskainitako diru kopurua nabarmen igo dutela ere nabarmendu du: “Helburua aurrekontu osoaren %1a euskarari zuzentzea da. Ia lortu dugu dagoeneko”.
Azkaratek onartu du Bilduren lana zuzena izan dela euskara arloan, eta elkarlanean dagoela gakoa azpimarratu du: euskalgintza eta erakundeen artekoan. Lan zehatzagoak egin behar direla proposatu du, eta transmisioari arreta jarri behar zaiola adierazi du. Galdera batekin laburtu du bere kezka: “Nola lortu eskolan euskara ikasten duen belaunaldiak eskolaz kanpo ere euskaraz aritzea?”. Prozesua ez dela azkarra izango dio; hori dela eta, urratsak piskanaka piskanaka ematea besterik ez dagoela esan du, baina etenik gabe: “Mirariz ez dugu lortuko, goizetik gauera, gazteek eskolatik kanpo ere euskaraz hitz egitea, baina, helburu xumeak finkatuta, piskanaka piskanaka lor daiteke”.
Iturriozek zenbait mintzakidek harrituta utzi dutela esan du, Irabazi Donostia eta PSE-EEren hitzak entzun eta gero: “Arraroa egiten zait diskriminatuta dagoen hizkuntza batek diskriminatzen duela entzuteak. Emakumeek edo beltzek diskriminatzen dutela esatea bezalakoa da”. Baieztapen horiek “indarkeria puntu bat” dutela kritikatu du. Euskara sustatzeko politikei dagokienez, berdintasunaren alde daramaten borrokarekin alderaketa egin du. “Berdintasunak ere estrategia bera erabiltzen du: zeharlerrotasuna”, argitu du, eta euskara erdigunean jarri behar dela nabarmendu du.