Urtebetean %7,97 igo da, 16.695 mugimendu izatetik 18.026ra.
Bi txirrindulari, Kontxa pasealekuko bidegorrian. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Donostiako Udalaren ohar baten arabera, bizikletaren erabilera “nabarmen” handitu da 2014an. Izan ere, urtebetean % 7,97 igo da, hau da, egunean 18.026 bizikleta mugimendu izan dira hirian -2013an 16.695 mugimendu izan ziren–. Udako hilabeteetan, berriz, 19.229 mugimendu izaten dira egunean; eta erabilera kopuruak ere beste inon baino gehiago jarraitzen du gora egiten Donostian. Hamar urtean, egunean 8.401 mugimendu izatetik 18.026 izatera igaro da; beraz, hamarkada osoan % 114ko igoera egon da. Eskuragarri dituzten lehenengo datuak 1998koak dira; urte hartan, egunean 4.519 bizikleta mugimendu izan ziren.
Jon Albizuk adierazi duenez, datu horiek legealdi honetan bizikletaren alde egindako apustuaren emaitza dira: “Datuok agerian uzten dute gero eta donostiar gehiagok erabiltzen dutela garraiobide iraunkor bat hirian barrena mugitzeko; denon artean, administrazioaren, herritarren eta elkarteen artean, mugikortasun eredu berri bat ari gara sustatzen, eta datuok erakusten dute bide onean goazela”.
Mugimenduak sistema automatiko baten bidez erregistratzen dira. Sistema horren bitartez, txirrinden mugimenduen datu errealak lortzen dira hiriko puntu jakin batzuetan. Puntu horiek, hain zuzen ere, erabiltzaileen ardatz nagusietan kokatu dituzte: Federico Garcia Lorca, Easo, Gernikako Arbola, Morlans-Lugaritz tunela, Ategorrieta, Tolosa hiribidea eta Kontxa pasealekua. Gehien erabiltzen den txirrindentzako lotura Kontxa pasealekukoa da: ardatz horrek Antigua eta Igararekin lotzen du hiriaren erdialdea. Puntu horretan, iaz, batez beste 3.631 mugimendu zenbatu ziren eguneko. Beste puntuetan, berriz, mugimendu hauek izan dira: Gernikako Arbolaren pasealekuan, 1.773; Easo kalean, 1.460; Federico Garcia Lorcan, 1.186; Lugaritzen, 570; Ategorrietan, 463; Tolosa hiribidean, 237.
Madril eta Antso Jakitunaren hiribideak
Azkenik, azpimarratu behar da oso datu onak izan direla Madril hiribideko eta Antso Jakitunaren hiribideko bidegorrietan. Bi puntu horietan bi espira mugigarri jarri dituzte eta datuek erakusten dute beharrezkoa zela bizikletentzako lotura horiek egitea: Madril hiribidean, eguneko 267 mugimendu izan ziren 2014an, eta 2015ean, berriz, 712 izan dira. Antso Jakitunaren hiribidean, eguneko mugimenduak 712 izan ziren 2014an, eta 2015ean 1.279. Datu horiek apirilean bildu dituzte, euririk egin ez duen aste batean, alderaketak egin ahal izateko.
Bestalde, iaz bizikletak uzteko beste 280 plaza sortu ziren, eta, beraz, egun 7.082 leku daude. Bidegorri sarea ere handitu da: egun, Donostiak 65 kilometro bidegorri ditu. 2014an 4,7 kilometro egin zituzten.