"Estilo gardenagoa, irekiagoa, dinamikoagoa eta eraginkorragoa" proposatu du EAJren alkategaiak
Josu Erkoreka eta Eneko Goia -erdian-, EAJko hautagai batzuekin batera. (Argazkia; Estitxu Zabala)
Bere ideiak argi eta garbi azaldu ditu Eneko Goia EAJko alkategaiak, Egiako parkean egin duen agerraldian. Bere ustez, azken lau urteetan udalaren kudeaketa “inprobisazio, iluntasun eta inposaketaz” betea egon da. Hori dela eta, kudeaketa “gardenagoa” proposatu du, “estilo irekiagoa, dinamikoagoa eta eraginkorragoa”.
Hain zuzen ere, udalaren lana hobetzeko, “Gobernu ona” aipatu du Goiak: “Udalak donostiarren zerbitzura egon behar du, eta ez interes partidistetara bideratua”. Hala, udalaren webgunea, esaterako, udal gobernuaren propaganda gisa erabili dela salatu du Goiak: “Udalaren webgunea alkateak egunero egiten duenaren berri ematera igaro da; herritarren intereserako zerbitzuak eman beharrean”. Goiaren ustez, udalaren webguneak eduki eta diseinu eraberritua behar ditu, informazio guztiak era pedagogikoan erakustsiz.