Bretxako Arraindegi eraikinean anbulatorioa eta kirol guneak jarri nahi ditu koalizioak
Ander Rodriguez eta Juan Karlos Izagirre -erdian-, EH Bilduren gainontzeko hautagaiekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bretxako Arraindegi eraikinaren aurrean egin du gaurko agerraldia EH Bilduk. Juan Karlos Izagirre alkategaiak eta Ander Rodriguez aldundirako hautagaiak hartu dute hitza bertan, zerbitzu publikoak defendatuz. “Gune publikoak esku pribatuetan egotea ez da Bilduren politika. Horren adibide garbi bat da Arraindegi eraikina; berreskuratu egin nahi dugu hiriarentzako, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini nahi ditugu bertan; anbulatorioa eta kirol guneak, besteak beste”, azaldu du Izagirrek. Hala, maiatzaren 24an herritarrek bi modeloren artean aukeratuko dutela azaldu du Izagirrek: “Azken lau urteetan behetik gora erabili dugun eredua; edo zaharkitutako politika, goitik behera egindakoa, herritarrei bizkarra emanez”.
Rodriguezek gehitu du EH Bilduk lanean jarrituko duela, pribatizatutako guneei izaera publikoa emateko: “Kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzen ditugu, herritarrentzat eta bertako langileentzat”. Gainera, EAJ, PP eta PSE-EE alderdiek Troika eredua jarraitzen dutela esan du Rodriguezek: “Atzera egin nahi duen eskuinaren aurka egin behar dugu. Guretzat ‘esan’ eta ‘egin’ aditz berdinak dira”.
Toki berean agerraldia egiteko asmoa du PSE-EEko alkategai Ernesto Gascok, 18:00etan.