Abian dira Bidebietako festak, Txanpontxoren jaitsierarekin. Faroltxoaren Piztearekin ekingo diete ostiralean Morlanseko jaiei, auzo zaharraren eta berriaren batasuna irudikatzeko
Bidebietatik ibili da Txanpontxo. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzoak jai giroan murgiltzeko garaia iritsi da jada. Bidebietako jaiei ostegunean ekin zieten, Txanpontxo Guardaplata bidetik iritsi baitzen, erraldoi eta buruhandiek lagunduta. Ohi bezala, txokolatezko txanponak eman dizkie haurrei. Aurtengo programan ekitaldi berezi bat izango da: auzoko Thamessis konpartsak ere parte hartuko du jaietan, eta inauterietako desfilea jaien barruan egingo dute lehen aldiz. Zergatik? 25 urte bete ditu aurten, eta proiekzio baten bidez bere ibilbideko unerik onenak gogora ekarriko dituzte larunbatean, 21:00etan, frontoian. Gainera, lehen aldiz produktu tradizionalen azoka egingo dute larunbatean, goizean zehar.
Argia piztuta
Berritasunak ere izango dira Morlanseko jaietan, festak hasteko ekitaldi berezi bat prestatu baitute ostiralerako: auzo zaharraren eta berriaren batasuna irudikatuko dute Faroltxoaren Piztearekin. Auzoaren beheko aldetik eta goialdetik talde bana irtengo da argi batekin, 19:00etan, eta ondoren plazan elkartuko dira denak.
Txupinarekin batera, antzinako gas farola baten itxurako argia piztuko dute elkarrekin. Argi hau piztuta egongo da jaiek irauten duten bitartean, festetako ikur bihurtuko delako: “Jaietako pertsonaia bat sortu beharrean, auzoaren historiarekin lotutako sinbolo bat hartu dugu. Gas fabrika zaharra gogora ekartzen du nolabait. Elkartearen logoa ere farolatxo bat da”, azaldu du Morlanstarrak auzo elkarteak.
Elkarteak hasieratik egin du ahalegina auzoaren goialdea ere kontuan hartzeko, auzogintzan auzotar guztien partaidetza bultzatu nahi dutelako: “Ekitaldiarekin protagonismo gehiago eman nahi izan diogu. Beti egon da goiko auzoa ahaztuta bezala; ez genuen nahi etxe berriekin auzoko txoko hori irenstea”, azaldu dute.