Legegintzaldian egindako lanari jarraipena emateko prest dira Bildu, EAJ eta Plaz!, erabilerari bultzada emateko; PSE-EEk eta Irabazi Donostiak «bazterkeriarik» ez egiteko eskatu dute
Koldo Mitxelena kulturunean egin zuten mahai ingurua. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostia udal hauteskunde kanpainan murgilduta dago bete-betean. Testuinguru horretan,
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak mahai inguru bat antolatu zuen astelehenean, eta bost hautagai bildu zituen euskararentzat dituzten proposamenak azal zitzaten. Sei ziren gonbidatutako ordezkariak, baina
PPko alkategai Miren Albisturrek huts egin zuen azken unean, «agenda arazoak» zirela eta.
Azkenean,
Koldo Mitxelena kulturunean egindako eztabaidan
Plaz! hautagaitza feministako Josebe Iturrioz,
Irabazi Donostiako Sabin Zubiri,
EAJko Miren Azkarate,
PSE-EEko Duñike Agirrezabalaga eta
EH Bilduko Juan Karlos Izagirre aritu ziren solasean,
Gaztezulo aldizkariko kazetari Aitor Abaroaren gidaritzapean. Bostek argi utzi zuten euskara sustatzea beharrezkoa dela; lan hori nola egin, berriz, ez zuten denek berdin ikusi.
Iturriozek, Azkaratek eta Izagirrek ez zuten arazorik izan euskara lehentasun dutela aitortzeko, eta euskalgintza eta erakundeen arteko elkarlanaren aldeko apustua berresteko. Hiruek erabilerari eman zioten garrantzia, eta ildo horretan lan egin behar dela nabarmendu zuten. Zubirik eta Agirrezabalagak ere esan zuten erabilera dela gakoa, baina, PSE-EEko ordezkariaren arabera, «Donostian bi hizkuntz ofizial daudela ahaztu gabe». Agirrezabalagak esan zuen herritarrek «bi tresna» dituztela komunikatzeko, «ez elkarren aurka aritzeko». Bere hitzetan, «hiri hau elebiduna da, ez elebakarra, eta euskara ezin da erabili baztertzeko».
Zubirik, bere aldetik, sustapenaren aldeko apustua berretsi zuen, «bazterkeriarik gabe». Bere hitzetan, «gure filosofia sustapen lana modu baikorrean egitea da». Horren harira, adierazi zuen zinegotzi guztiak euskaldun izateko balizko baldintzaren aurka egongo liratekeela, hautagai izateko eskubidea urratuko litzatekeelako. Ondoren, bi proposamen egin zituen euskara sustatzeko xedearekin: euskaltegien doakotasuna proposatu zuen, erakundeen diru laguntzen bitartez; eta euskara progresiboki txertatzen joatearen printzipioaren alde egin zuen.
Izagirrek bukatzear den legegintzaldian egindakoaren errepasoarekin ekin zion bere txandari. Helburua Donostia euskalduna izatea dela berretsi zuen, eta hori horrela izateko «borondate politikoa» ezinbestotzat jo zuen: «Legegintzaldian gauzatu dugun eredua baliatu dugu euskararekin ere, behetik gora egin baitugu lan». Egindakoen artean, auzoetan euskara batzordeak sortzea oso garrantzitsua izan dela azpimarratu zuen: «Lehen bi batzorde zeuden; orain hamaika». Euskara Zerbitzua udalean txertatu dutela gogoratu zuen, Patronatuaren desegitearekin. Euskarari eskainitako diru kopuruak gora egin duela nabarmen aipatu zuen: «Helburua aurrekontu osoaren %1a euskarari zuzentzea da. Ia lortu dugu jada».
Azkaratek onartu zuen Bilduren lana zuzena izan dela euskara arloan, eta elkarlanean dagoela gakoa azpimarratu zuen: euskalgintza eta erakundeen artekoan. Lan zehatzagoak egin behar direla proposatu zuen, eta transmisioari arreta jarri behar zaiola adierazi zuen. Galdera batekin laburtu zuen bere kezka: «Nola lortu eskolan euskara ikasten duen belaunaldiak eskolaz kanpo ere euskaraz aritzea?». Prozesua ez dela azkarra izango esan zuen; hori dela eta, urratsak piskanaka piskanaka ematea besterik ez dagoela adierazi zuen, baina etenik gabe. «Mirariz ez dugu lortuko, goizetik gauera, gazteek eskolatik kanpo ere euskaraz hitz egitea, baina, helburu xumeak finkatuta, piskanaka piskanaka lor daiteke erronka», azaldu zuen ordezkari jeltzaleak.
Iturriozek zenbait mintzakidek harrituta utzi zutela esan zuen, Irabazi Donostia eta PSE-EEren hitzak entzun eta gero: «Diskriminatuta dagoen hizkuntza batek baztertzen duela entzutea bitxia da. Emakumeek edo beltzek diskriminatzen dutela esatea bezalakoa da». Baieztapen horiek «indarkeria puntu bat» dutela kritikatu zuen.
Euskara sustatzeko politikei dagokienez, berdintasunaren alde daramaten borrokarekin alderaketa egin zuen. «Berdintasunak estrategia bera erabiltzen du: zeharlerrotasuna»,
argitu zuen, eta euskara erdigunean jarri behar dela nabarmendu zuen. «Arnasguneak behar ditu», erantsi zuen.
Zenbait ohar euskaratik gaztelerara itzultzen dituzte orain udalean
Bagera elkarteak antolatutako mahai inguruan bitxikerietarako tartea ere egon zen. Juan Karlos Izagirre alkateak, esaterako, azaldu zuen udaleko korridoreetan inoiz baino gehiago hitz egiten dela euskaraz, eta zenbatu ezin daitezkeen egoera gehiago eman direla euskararen onerako. Adibide moduan, EH Bilduko alkategaiak jakinarazi zuen zenbait ohar euskaratik gaztelerara itzultzen dituztela orain, beti alderantziz izan denean.
Plaz! taldeko hautagai Josebe Iturriozek, bere aldetik, argi utzi nahi izan zuen euskararekiko duten sentsibilitatea. Izan ere, hautagaitza feminista sustatzeko abesti bat egin dute, gazteleraz, eta kritikak jaso dituzte hori dela eta. Azaldu zuen ahalegin guztiak egin zituztela rap musikari euskaldun bat aurkitzeko euskarazko bertsioa egin ahal izateko, baina ezinezkoa egin zitzaiela.
Errealitatea horixe izan arren, «aitzakiak» besterik ez direla onartu zuen: «Berdintasuna bermatzen ez dutenek erantzun bera ematen digute, ahalegina egin dutela, baina ezin izan dutela bermatu. Guk gauza bera egin genuen azalpenak eman genituenean. Orduan konturatu ginen azalpenak baino harago joan behar dugula, eta euskaraz abesti bat egitea erabaki dugu, nahiz eta horretarako zenbait kide elkartu eta abestia ahal izan dugun moduan egin dugun». Abestia aste honetan bertan zabaldu dute sarean.
«Hiriko hizkuntza bat da, baina gaztelania ere bai»
PPko hautagai Miren Albistur ez zen Koldo Mitxelena kulturunean egindako mahai inguruan izan, gonbidatua egon arren. Horrenbestez, bere taldeak euskarentzat zein proposamen dituen ez zuen azaldu jendaurrean, baina Irutxuloko Hitzari zertzelada batzuk eman zizkion, udal hauteskundeen harira alkategaiei egindako elkarrizketen barruan.
Albisturrek PSE-EEko hautagai Duñike Agirrezabalagaren antzeko hitzak erabili zituen, Euskararen Plan Orokorrrari buruzko iritziari buruz galdetuta: «Euskara hiriko hizkuntza bat da, baina gaztelania ere bai, eta oreka bat izan behar duela uste dut». PPko hautagaiak azaldutakoaren arabera, «Bilduk garrantzia asko eman dio euskarari legegintzaldiaren hasieratik; nire ustez ezin da hiriaren neurri nagusia izan».