Hauteskunde kanpainaren etorrerarekin kalean gurutzatzen ari dira alkategaiak; bakoitzak bere estrategiaren arabera aukeratu ditu agerraldiak egiteko lekuak.
PSE-EEk Saguesen egindako ekitaldia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Astebete igaro da udal hauteskundeetarako kanpaina abian jarri zutenetik, eta astebete nahikoa izan da talde bakoitzak irudi eta mezu aldetik daraman estrategia ezagutzeko. Dena dute kontrolpean, ausazko ezer ez dago.
PSE-EEk ez du zalantzarako tarterik uzten. Azken aldian ez ezik, urtetan ere albiste izan diren gunetan egin ditu agerraldiak, kritikaren bidetik. Donostialdeko Metroa lehen lerrora eraman dute berriro, geltoki berrietan bertan egindako diskurtsoekin; Monpaseko pasagunearen proiektuari hautsa kendu diote, Saguesen bertan; Arraindegi eraikinaren aferari heldu diote, Bretxatik irten gabe; eta autobus geltokia ez dute ahaztu, Atotxatik igaro eta gero. Ernesto Gascok duen guztia jarri du joko gunean. Harrobitik tira egin du Denis Itxaso eta Odon Elorzarekin, baina kanpoko izarrak ere ekarri ditu Donostiara; PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez, kasu.
EAJren mezuak ez du ezusterik ekarri. Hiriaren indarguneak identifikatzeko garaian dagoela gakoa berretsi du Eneko Goiak, ekonomiaren arlotik Donostia lehen lerrora eramateko helburuarekin. Momentuz, turismoa eta industria izan ditu hizpide. Irudiari dagokionez, natura oso presente izan dute argazkietan: Zorroagako zuhaitz artean hitz egin du alkategai jeltzaleak; Zurriola hondartzan; Egiako parkean…
PPko hautagai Miren Albisturrek hiriko erdigunetik harago egin ditu agerraldiak. Aieten ekin zion kanpainari gosari batekin, eta Altzan izan da aste honetan. Segurtasuna izan du hizpide, besteak beste: udaltzainen presentzia indartu nahi du.
Irabazi Donostiak mugikortasun iraunkorrari eman dio garrantzia, eta garraio publikoa sustatzeko prest dagoela esan du. Amaia Martin alkategaiak ez ditu agerraldi ikusgarriak egin mezua zabaltzeko, politika egiteko modu xumea islatzeko edo.
Bide horretan ari da ere EH Bildu. Kale eta plazetan izan da herritarrekin; etxebizitza sozialen eta zerbitzu publikoen defentsan, besteak beste. Bretxan izan zen Juan Karlos Izagirre alkategaia herenegun goizean, Gasco arratsaldez bertara iritsi aurretik; kasualitatea behingoz? edo hauteskunde lasterketan buruan dagoela erakusteko?