Emakume bat, Kontxa pasealekuko bidegorriaren zati batean. (Argazkia: Nagore Koch)
Bizikletaren erabilera handitu da 2014an. Izan ere, urtebetean %7,97 igo da, hau da, egunean 18.026 bizikleta mugimendu izan dira hirian batez beste; udan, berriz, 19.229 mugimendu egunean. 2013an, 16.695 mugimendu izan ziren egunean. Horrenbestez, erabilerak gora egin du «nabarmen».
Udalak aste honetan bertan eman du datuen berri, eta 2014 eta 2013 urteen arteko alderaketa egin du. Eskuragarri dituzten lehenengo datuak 1998koak dira; urte hartan, egunean 4.519 bizikleta mugimendu izan ziren, egungo 18.026 mugimenduetatik oso urruti.
Mugimenduak sistema automatiko baten bidez erregistratzen dira. Sistema horren bitartez, txirrinden mugimenduen datu errealak lortzen dira hiriko puntu jakin batzuetan. Puntu horiek, hain justu, erabiltzaileen ardatz nagusietan kokatu dituzte: Federico Garcia Lorca, Easo, Gernikako Arbola, Morlans-Lugaritz tunela, Ategorrieta, Tolosa hiribidea eta Kontxa pasealekua.
Kontxa, erabiliena
Gehien erabiltzen den txirrindentzako lotura Kontxa pasealekukoa da: ardatz horrek Antigua eta Igararekin lotzen du hiriaren erdialdea. Puntu horretan, iaz, batez beste 3.631 mugimendu zenbatu ziren eguneko. Beste puntuetan, berriz, mugimendu hauek izan dira: Gernikako Arbolaren pasealekuan, 1.773; Easo kalean, 1.460; Federico Garcia Lorcan, 1.186; Lugaritzen, 570; Ategorrietan, 463; Tolosa hiribidean, 237.
Azkenik, azpimarratu behar da oso datu onak izan direla Madril hiribideko eta Antso Jakitunaren hiribideko bidegorrietan. Bi puntu horietan bi espira mugigarri jarri dituzte eta datuek erakusten dute beharrezkoa zela bizikletentzako lotura horiek egitea: Madril hiribidean, eguneko 267 mugimendu izan ziren 2014an, eta 2015ean, berriz, 712 izan dira. Antso Jakitunaren hiribidean, eguneko mugimenduak 712 izan ziren 2014an, eta 2015ean, 1.279.
Datu horiek apirilean bildu dituzte, euririk egin ez duen aste batean, alderaketak egin ahal izateko.
Bestalde, iaz bizikletak uzteko beste 280 plaza sortu ziren, eta, beraz, egun 7.082 leku daude. Bidegorri sarea ere handitu da: egun, Donostiak 65 kilometro bidegorri ditu. 2014an 4,7 kilometro egin zituzten.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk adierazi duenez, datu horiek legegintzaldian bizikletaren alde egindako apustuaren emaitza dira: «Datuok agerian uzten dute gero eta donostiar gehiagok erabiltzen dutela garraiobide iraunkor bat hirian barrena mugitzeko; denon artean, administrazioaren, herritarren eta elkarteen artean, mugikortasun eredu berri bat ari gara sustatzen, eta datuok erakusten dute bide onean goazela», adierazi du udal gobernuko ordezkariak.