240.000 euro bideratuko ditu Donostia Kirolak pilotalekua zaharberritzeko.
Atano III frontoiaren aurrekaldea berrituko dute. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostia Kirolak Atano III. pilotalekuaren fatxada eraberritzeko obrak lehiaketa publikora atera ditu. Obrek 160.000 euroko aurrekontua dute, eta egoera txarrean dagoen eraikinaren aurrealde osoa aldatzeko erabiliko dute dirua. Horrela, aluminiozko arotzeri berria jarriko dute, eta baita beira termikoak ere, eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko.
Bestalde, instalaziora sartzeko ate berriak jarriko dituzte, irisgarritasuna hobetzeko asmoarekin; ganiera, fatxada osoa garbitu eta margotuko dute. Obrak irailean hasiko dituzte, udan zehar programatzen diren pilota txapelketak bukatu ondoren (Herriartekoa, Donostia Hiria…) eta bi hilabete eta erdiko epea izango dute.
Bigarren fase batean, datorren urtean, beste 80.000 euro inbertituko dituzte instalazioaren barrualdean egingo diren zenbait hobekuntzatan, batez ere, sabaien berritzean. Datorren urtean, gainera, kantxaren zorua aldatzea aztertuko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 120.000 euroko diru-laguntza emango du, obra hauek egin ahal izateko.