Obrak egiteko aurrekontua 249.231,32 eurokoa da, eta lanak burutzeko epea, 3 hilabetekoa.
Intxaurrondoko Gaztelu kaleko irudia. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Intxaurrondoko Gaztelu kalea urbanizatzea erabaki du udalak, arkitektura oztopoak kendu eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Obrak egiteko aurrekontua 249.231,32 eurokoa da, eta lanak burutzeko epea, 3 hilabetekoa.
Obra horiekin, espaloietako zoladura berrituko dute, Gaztelu kalearen eta Zarategi pasealekuaren arteko bidegurutzea berrantolatuko dute eta aparkalekua egingo dute. Helburua oinezkoentzako bideak hobetzea da, irisgarritasuna bermatzeko. Horretarako, hainbat lan gauzatuko dituzte: arkitektura-oztopoak ezabatuko dituzte; Gaztelu kalearen eta Zarategi pasealekuaren arteko bidegurutzea berriz egituratuko dute, herritarrek maniobrak errazago egiteko; espaloietako zoladura berrituko dute; Gaztelu kaleko eta 12. zenbakiaren aurreko bide-zoru osoa berrituko dute, egungo zoladura fresatu ondoren; 12. zenbakira iristeko bidearen zabalera zabalduko dute; eta 6. eta 8. zenbakietan dagoen lurrazaleko aparkalekua egokitu eta zolatuko dute.
Oinezkoentzat gune arriskutsua
Gaztelu kalea, batik bat, bizileku gunea da, biztanle-dentsitate handiko familia anitzeko blokeak baitaude, aparkalekurik gabeak. 1960. eta 1970. urteen artean diseinatutako eta eraikitako hiriguneetako bat da, eta ez du bat egiten egungo hiri-eremuko irisgarritasunari buruzko araudiarekin. Bestalde, kalearen zabalera behar bestekoa ez izan arren, zirkulazioa bi noranzkoetakoa da eta kalearen bi alboetan aparkatzen dituzte autoak. Ondorioz, igarobideak estuak dira eta herritarrek ezin dute zenbait lekutara oinez iritsi. Udalaren esanetan, ez da oso egokia oinezkoarentzat, eta horregatik onartu dute gunea urbanizatzeko proiektua.