Hirugarren solairu bat eraikiko dute, gaur egun zine aretoek betetzen duten espazioa berrerabiliz.
Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranen esanetan hiru solairu izango ditu Arraindegi eraikinak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Bretxako Arraindegi eraikinaaren proiektu berria aurkeztu du gaur Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek. Horrela, anbulategiarekin batera, eraikinak kirol eta kultur guneak izatea aurrikusi du udalak. Burutaranek azaldu duenez, anbulategiak sarrera independentea izango du Bretxako plazatik, eta lehen solairu oso hartuko du. Kiroldegiak eta kultur guneak aldiz, beste sarrera bat izango dute San Juan kaletik. Kiroldegia bigarrem solairuan kokatu nahi dute, eta kultur gunea egiteko berriz, hirugarren solairu bat eraikiko dute, gaur egun zinema aretoek betetzen duten espazioa berrerabiliz.
Burutaren esanetan, Erdiguneko eta Parte Zaharreko bizilagunei emango die zerbitzu bi gune horiek: “Hala ere, elementu erakargarri gisa funtzionatzea nahi dugu baita ere, hau da, gertuko dendetara jendea erakartzeko pizgarri gisa funtzionatzea, horrek merkataritzaren dinamizazioan lagundu dezakeelako”. Burutaranek gogora ekarri du Erdigunea eta Parte Zaharra direla Kirol Txartelaren erabileran ratio baxuena dutenak, kiroldegirik ez dutelako.
Kirol gunea
Hau da Bretxak izango duen itxura berria. (Argazkia: Donostiako Udala)
Kirol guneak San Juan kaletik izango du sarrera igogailu bidez. Bertan erreglamenduzko saskibaloi kantxa egingo dute; zinegotziaren esanetan, beste erabilera batzuk izan ditzake, futbitoa eta eskubaloia kasu. Horrekin batera, solairu berdinean, 285 metro karratuko gimnasio kardiobaskularra egingo dute, 131 metro karratuko beste gimnasio bat, adinduentzat gimnasia areto bat eta haurdun daudenentzat laugarren gimnasio bat. Espazioa irabazteko, gaur egun dagoen eskailera mekanikoa kenduko dute, horrela, bi solairu erabat independente sortuz. Kiroldegiak hiru aldagela izango ditu, eta baita harrera gela ere.
Erabilera anitzeko kultur gunea
Erabilera anitzeko kultur gunea berriz goiko aldean kokatuko dute, gimnasioaren gainean. Gaur egun eraikinak soilik bi solairu dituen arren, hirugarren bat eraikitzeko nahiko espazio dagoela adierazi du zinegotziak, gaur egun zinema aretoek betetzen duten espazioak oso pareta garaiak dituelako: “Eraikina bere osotasunean bereganatzen dugunean, erabat posible izango da hirugarren solairu bat egitea, horretarako eraikina eraldatzeko beharrik gabe. Obrak egiterakoan beraz, ez dugu dena botako, dagoeneko eraikita dagoena moldatu baizik”.
Kultur guneak 102, 128 eta 87 metro karratuko hiru areto izango ditu, eta horietako batek proiektorea eta kanpaina izango ditu, zine forumak egin ahal izateko. Burutaranen esanetan, hitzaldi eta aurkezpenetarako ere erabiltzea aurrikusi dute espazio hori: “Aspaldiko eskakizuna da Parte Zaharrean eta Erdialdean aisialdi eta kultur jarduerak egiteko estalitako espazio bat izatea, eta gune horrek eskaera horri erantzuna emango dio”. Azkenik, Turismo bulegoa ere bertan kokatzea proposatu du udalak.