Amarako plazak bi maila izango ditu, eta eraikina gizarte zerbitzuekin lotutako jardueretara bideratuko dute.
-
-
Arroka plazak etorkizunean itxura hau edukiko du. (Argazkia: Donostiako Udala)
-
-
Bi mailatan banatuko dute plaza. (Argazkia: Donostiako Udala)
Bainuetxearen fatxada Arroka plazan kokatuko den eraikin batean jarriko du udalak, PEPUC-k zehaztu bezala, fatxada errespetatzeko helburua betez. Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldu duenez, plazak bi maila izango ditu; ekipamendu berriaren terraza oinezkoentzat izango da. Bestalde, eraikina plazan dauden beste elementuen artean dagoen beste pieza bat bezala diseinatuko dute, material gisa
corten altzairua erabiliz, lorategien kasuan bezala. Gainera, eraikinak behe solairua eta sotoa izango ditu.
Burutaranen esanetan, ekipamendu berrian bilera eta erakusketa aretoak edota auzoari lotutako gizarte zerbitzuekin erlazionatutako erabilerak izatea aurreikusi dute: “Proiektuak Arroka plaza eta Lizarra kaleko bide berriaren artean dagoen maldari soluzioa ematen dio. Beheko solairuan mugikortasun urrituko pertsonek erabili ahal izango dituzten bainuak izango ditu eta biltegi gisa erabiltzeko lokala. Bestalde, 2 metroko zabalera izango duen eskailera jarriko da, eta 8 pertsonentzat igogailua. Sotoko solairuak hiru lokalentzat espazioa izango du”.
Datorren urteko apirilean hasiko dituzte obrak, eta 2017 hasieran amaituko dituzte. Kostua berriz, 747.668,13 eurokoa izango da. Burutaranen arabera, Arroka plazan gune atsegin bat sortuko dute: “Etorkizunean hirian babestu beharreko elementu bat integratuz, auzoari ekipamenduak eskainiko dizkion eraikin bat izango da bertan”.