Eraso sexistei aurre egiteko bildu egin dira Berdintasun, Azpiegitura eta Zerbitzu eta Hirigintzako zinegotziak
Elkarlanean arituko dira Azpiegitura eta Zerbitzu, Berdinatsun eta Hirigintziako zinegotziak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Datorren astean hiriko puntu kritikoen mapan identifikatutako hainbat gunetan neurriak hartuko ditu udalak, eta horretarako, batu egin dira Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedro, Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsoro eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaran. Elkarkidetza horren helburua identifikatutako 41 guneetan esku hartzea da, eraso sexistei aurre egiteko. Hobekuntza neurri horietan 190.000 euro inbertituko ditu udalak.
Sampedroren esanetan, udal araudi urbanistikoak generoaren ikuspegitik aztertzen ari dira, eta hainbat neurri zehaztu dituzte: “Emakumeek gune publikoa berreskuratu behar dute, eta horretarako, puntu kritikoen mapa amaitu ondoren, esku hartzen hasiko gara; besteak beste, argitasuna, landaretza eta irisgarritasuna hobetuko ditugu, leku ilunak, tunelak, igarobideak eta igogailuak zainduz”.
Azpiegituretako neurriak
Galparsorok hainbat neurri zehatz aipatu ditu, esate baterako ispiluak jartzea: “Hiriko bederatzi lekutan jarriko ditugu ispiluak; horrekin batera, identifikatutako 23 puntutan landaretza zaintzeko lan bereziak egingo ditugu, eta ondoren argiteria berrikusiko dugu”. Horrela, ispiluak jarriko dituzte Aldapeta-San Bartolomeko eskaileran, Ategorrietako geltokian, Oletako lurpeko igarobidean, Herrerako lurpeko igarobidean, Katalina Eleizegiko lurpeko igarobidean, La Anunciata ikastetxeko lurpeko igarobidean, Berra bideko 19. zenbakiaren eta Casares kaleko 7. zenbakiaren arteko leku ezkutuan, Julimasene eta Txingurri arteko bidean, eta Zorroagako lurpeko igarobidean.
Bestalde, Lorategi Hiriaren eta Zorroaga pasealekuaren arteko oinezkoen aldean lorezaintza lanak egin dituzte, bertako garbitasuna eta egoera hobetzeko. Datorren astetik aurrera, bi eskailera hobetuko dituzte, Baztango eta Kapitaiñenekoak. Azkenik Larratxoko igogailuan ikusgarritasuna hobetuko dute, horma gardenak ipiniz.
Eraikinen atariak hobetuz
Hirigintza sailak ere badu zer eginik eraso sexistak ekiditeko, eta besteak beste, Eraikuntzako Ordenantza Osagarriak aldatzen hasi direla azaldu du Burutaranek: “Etxebizitzetako atariak egiteko modua aldatu beharra daukagu, ikusgarriak, zuzenak eta seguruagoak izan daitezen, gune ilun eta arriskutsuak desagertataziz”.
Horrekin batera, hirigintza inklusiboari buruzko lan saio bat egingo dute teknikariekin, hiria generoaren ikuspegitik diseinatu dezaten.
Azkenik, dagoeneko hirian sexu erasorik gabeko hiria aldarrikatzeko 15 kartel jarri direla gogorarazi dute zinegotziek; azkenak Loiolan, Martutenen, Morlansen eta Añorgan ipini dituzte.