Izarrak Plazara lehiaketako iazko talde bat. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Izarrak Plazara sormen artistikoen lehiaketaren laugarren edizioa iristear da. Ekainaren 4an, Intxaurrondo kultur etxean, 18 urte bitarteko gazteek beren abileziak erakutsi beharko dituzte. Lehiaketa Intxaurrondoko Plazara Goaz Elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu dute, gazteak elkarrekin euskaraz ongi pasa eta sormen artistikoa sustatzeko helburuarekin. Dagoeneko ireki dute izena emateko epea, eta hilaren 29 arte parte hartzeko aukera izango da.
Bi kategoria egongo dira lehiaketan: 8-12 urteko gazteak eta 13-18 urtekoak. Edozein diziplinatan lehiatu daitezke, taldean edo bakarka. Saioak 5 minutu ingurukoak izango dira, eta epaimahaia Ainhoa Aierbe aktore eta kantariak, Edu Muruamendiaraz dantzariak eta Itsaso Gutierrez musikariak osatutako dute.
Sari oparoak
Ekainaren 4an, arratsaldeko 17:00etan, hautaketa proba bat egingo du epaimahaiak Intxaurrondo kultur etxean, eta bertan iragarriko dute ekainaren 13ko finalera pasako diren sei taldeak.
Ekainaren 13an berriz, 17:00etan, finala egingo dute kultur etxean, eta bertan banatuko dira sariak. Ikuskizun onenarentzat saria egongo da adin tarte bakoitzerako; era berean, hizkuntzaren erabilerari dagokion saria eta ikusleen saria ere egongo dira. Sariak auzoko (Intxaurrondoko) dendetan erosteko bonoak izango dira, eta sari berezi bat ere banatuko dute: ikuskizun berezi bat prestatzeko laguntza profesionala, eta emanaldia egitea udazkenean. Ekitaldi honetarako sarrera doan izango da.