Antzoki Zaharraren sarrerari poetaren izena jartzeko eskatu du PSE-EEk Lasala plazan, idazlearen omenezko plaka kendu zuten leku berean
PSE-EEko ordezkariak, Lasala plazan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Udal hauteskundeetarako kanpainak irudi bitxiak ekarri ditu duela bi aste abian jarri zutenetik –argazkien aukeraketa bat egin du Irutxuloko Hitzak, orrialdeotan–. Politikariak ia edozertarako prest egon ohi dira botoak lortzeko, eta batzuetan harriduraz jasotzen dira zenbait mezu. Halako egoera bat joan den larunbatean gertatu zen, Parte Zaharreko Lasala plazan.
PSE-EEk agerraldi bat egin zuen bertan, eta euskara eta euskal kultura izan zituen hizpide ekitaldian. Honela gauzak, euskaltzale talde batek Jose Luis Alvarez Enparantza
Txillardegi idazle eta hizkuntzalariaren omenezko oroigarria jartzeko proposatutako leku berean,
Indalezio Bizkarrondo
Bilintx poeta eta bertsolariaren izenari hautsa kendu zioten Ernesto Gasco alkategaiak eta bere alderdikideek. PSE-EEk Txillardegiren oroigarria jartzearen kontra egin du gaia atera den bakoitzean –jarri zutenean, kentzeko eskatu zuen–; Bilintxen izena, ordea, Antzoki Zaharreko sarrerari jartzeko proposatu zuen larunbatean: «Euskaraz idazten zuen XIX. mendeko Donostian; hiritar konprometitu eta aurrerakoia izan zen», azaldu zuen PSE-EEko hautagai Harkaitz Minerrek.