Hormigoiaren ikusgarritasuna aldarrikatu dute Añorgan
'DesignConcrete' izeneko erakusketa ikusgai dago Museum Cemento Rezolan
Designhouses enpresa gipuzkoarrarekin elkarlanean: DesignConcrete (Hormigoia diseinatuz). Aurretik zegoen Hormigoia ukituz erakusketarekin egin zuten moduan, oraingoan ere eraikuntzetan hormigoiak duen garrantzia aldarrikatu dute: “Orain arte ahate itxusia izan da hormigoia, eta material noble moduan aldarrikatu nahi dugu. Azken 30-40 urteetan eraikinen eskeletoetan erabili dute bereziki, eta ondoren, estali egin dute beti”, azaldu du Juan Jose Arrizabalaga arkitektoak. Hala, hormigoiak ikusgarritasuna irabazi behar duela uste dute erakusketaren arduradunek, bai eraikuntzen kanpoaldean bai barrualdean ere. Izan ere, hormigoiak izaera estatikoa eta dinamikoa batzen dituela uste dute, eta arkitekturari eta diseinuari forma ematen laguntzen diola. Horren adibide diren zenbait eraikuntzen planoak, argazkiak eta maketak bildu dituzte erakusketan. Azken batean, hormigoizko diseinuaren inguruko erakusketa bat da Añorgakoa.
Honako ataletan banatu dute erakusketa: Hormigoi erresistentea, hormigoi moldagarria, bistako hormigoia eta hormigoia eta bere osagarriak, eta Ideia bat gauzatuta. Hala, hainbat erainkuntzen proiektuak jasotzen ditu erakusketak, gehienbat etxebizitza eraikinak, Designhouses enpresak egindakoak eta gehienak Donostian kokatuak. Igeldoko Lanperna (2009), Aieteko Kukuene (2006) eta Hama 3 (2015), eta Miramongo Samaniego (2005), Nola (2006) eta Borobil (2007) daude erakusketan, baita Zizurkilgo pare bat eraikin eta Arabar Errioxako Hotel Viura (2010).
Hormigoiaren “irudi grisa” ahaztu eta moldagarritasuna ikustea nahi dute. “Beste material batzuekin batzeko gaitasuna du hormigoiak; egurra, metala, altzairua… baita barrualdeetan ere”, zehaztu du Arrizabalagak. Gainera, sentimenduak ere aipatu ditu arkitektoak, erakusketako hainbat proiektutan parte hartu baitu. Asteartetik larunbatera egongo da erakusketa bisitatzeko aukera, bihartik irailaren 12a arte; 10:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa da, ohiko moduan.
Museum Cemento Rezolak erakusketa berri bat antolatu du,