Groseko plazan espazioak ireki eta haurrentzako txokoa sortu nahi du udalak.
-
-
Zuberoa plazan eserleku berriak jarriko dituzte. (Argazkia: Donostiako Udala)
-
-
Haurren gunea estalita egongo da. (Argazkia: Donostiako Udala)
Udalak Groseko Zuberoa plaza birmoldatu eta estaltzeko proposamena aurkeztu du gaur. Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek aurkeztu du proiektua, eta obra 2015-2016 Inbertsio Planean txertatuko dute, eta datorren urtean amaitzea espero dute.
Proiektu berrian azaldu dutenez, plazaren ikusgarritasuna hobetuko dute, oinezkoen ibilbideak berrituz eta bertako elementuen banaketa orekatuz. Helburua espazioa hobeto aprobetxatzea da Burutaranen esanetan: “Zona publikoen estaldura auzo guztiek duten beharra da, eta horretan lan egiten ari gara; hiriko hiru gune estaliko ditugu, Zuberoa, Arrobitxulo eta Easo plazak”.
Bi gune sortuko dituzte Zuberoa plazan; alde batetik, bertako zuhaitz eta landareekin jokatuz eserleku berriak egingo dituzte, eta bestetik, haurren txokoa sortuko dute. Azken gune hau izango da estaliko dutena; lau metroko altuera izango du, zuhaitzen altuerarekin bat eginez, eta sabaia gardena izango da.