"Gardentasuna izango dugu; jendea jakinaren gainean egotea da xedea"
Hautagaitza bozkatuena izan da EAJ, 32 urte geroago. Eneko Goia lanerako gogotsu dago, eta, alkate izanez gero, udalak bi zinegotzigo berri izango dituela jakinarazi du: Berrikuntza eta Turismoa.
“Parte hartze dinamikak proiektu zehatzen inguruan egin behar dira”Ospakizunak pasata, zein izango da orain lehen betebeharra? Oraindik, ekainaren 13a arte, udaletxea dagoen bezala jarraituko du, alkatea Juan Karlos Izagirre da. Beraz, 13an ikusiko da. Bitartean, denekin ari naiz hitz egiten, ordezkaritza izango duten alderdi guztiekin, ikusteko zein den bakoitzaren asmoa, zein den bere ikuspegia eta zer egin nahi duten hirian dauden proiektuekin. Beraz, lehen fase horretan ari gara oraindik; dagoeneko hitz egin dut batzuekin, eta datorren astean gainontzekoekin hitz egiteko asmoa dut. Gainontzeko alderdiekin akordioetara iristeko asmoa duzu, edo gehiengorik gabe gobernatuko duzue? Oraindik ez dago ezer ez aldez aurretik itxita. Aurretik denekin hitz egin behar dugu, eta egunak igaro ahala ikusten joango gara bakoitzaren asmoak eta ideiak. Hirira bizitzera etortzekoa zara; aukeratu al duzu auzoa? Oraindik ez. Ez da gauza erraza. Baina etorriko naizela esan dut, eta hala gertatuko da; logistikak alkatea bere hirian bizitzea eskatzen du. Dena den, ni ez naiz ni bakarrik, nire zirkunstantziak ere hor daude, eta, beraz,ez da erraza izango; ondo bilatu behar dugu non eta nola biziko garen. Eusko Jaurlaritza eta aldundia zure alderdiaren esku daude. Hori abantaila izango da, ezta? Itxuraz hala izan daiteke, baina nik beti esan dut, leku bakoitzean dagoena dagoela, hiri proiektua elkarrekin konpartitzea dela helburua. Horregatik, uste dut gu gai izan garela landu dugun proiektua Jaurlaritzarekin konpartitzeko, eta ikusi dute hemengo proiektuak ez direla onak Donostiarentzat bakarrik, inguru guztiarentzat baizik. Ibilbide hori egin behar da; baliteke errazagoa izatea zeinu berdinekoak izanda, baina ez du zertan horrela izan behar. Zer egingo duzue parte hartzea sustatu eta auzoetara hurbiltzeko? Kanpainan zehar egin ditugu publiko konpromiso horiek, eta orain ondo aztertuko dugu nola egin lan hori. Parte hartze dinamikak proiektu zehatzen inguruan egin behar dira, eta proiektu horiek zeintzuk diren ikusi beharko dugu. Gainera, kontsulten araudia daukagu; beraz, politika orokorra Udalbatzaren barruan landuko da, eta kontsulten araudiarekin beste modu batera hartuko dira erabakiak. Bestalde, gure jardueran gardentasuna izango dugu; beti eskuragarri izatea eta jendea jakinaren gainean egotea da xedea. Berrikuntza zinegotzigoa sortzeko asmoa duzu. Zergatik? Beti esan dugu hiriaren oinarri nagusi bat dela berrikuntza lurraldearen industriara aplikatuta, eta uste dugu sektore horretan beste erakundeekin koordinazioan lan egin behar dela. Horregatik, beharrezkoa da pertsona bat horretan jardutea. Dena den, ez du zertan bakarrik horretaz arduratu behar. Turismoarekin ere proposamen berdina dugu, uste dugu beharrezkoa dela zinegotzi bat sektore hori gidatzeko. Azken finean, jarduera ekonomikoari dagokionez, gure indarguneak dira horiek. Zezenak Ilunbera bueltatuko dira? Bai, legedia beteko dugulako. Hor eskaria egina dago leku hori betetzeko, instalazio publiko hori erabiltzeko, eta jarduera hori hiri honetan legala denez, erakunde pribatu bat prezio hori ordaintzeko prest badago, udalak utzi egin behar dio. Legegintzaldi guztian defendatu dugu hori; uste dugu, bakoitzak duen iritziaz harago, legezkoa bada eta eskaria badago, utzi egin behar zaiela. Metroa egitea garrantzitsua al da donostiarrentzat? Ez da donostiarrentzat bakarrik garrantzitsua, Donostialdearentzat eta Gipuzkoarentzat da garrantzitsua. Metroak ordezkatzen du gune metropolitanoaren garraio publiko sistema. Nire ustez, garraio sistema horrek oinarria izan behar du; beste garraio sistema batzuk ere hor egongo dira, baina indartsuena Metroa izan behar du. Askotan, Metroaz hitz egiten dugunean, komunikazio zailtasunak izan dira; horregatik, proiektua ondo azaldu behar zaio jendeari. Metroa ez da garrantzitsua izango Kontxan geltoki bat edukitzeagatik,une honetan Eason hiltzen diren bi lineek jarraitasuna izango dutelako baizik, hiria zeharkatuz eta inguruko herriekin lotura garrantzitsuak sortuz. Bestalde, Metroa ez da bakarrik erdiguneko pasante hori izango, Metroa ere Intxaurrondo, Loiola eta Altza auzoak lotzeko tresna izango da. Beraz, Metroa ona izango da erdigunearentzat, baita kanpoaldearentzat ere; adibidez, Bilduk proposatu du Kontxa oinezkoentzat izatea, baina, horretarako, lehenik garraiobideak antolatu behar dira, eta Metroa aukera bat izan daiteke. Hirian euskara sustatzen duten erakunde sarea, hala nola, elkarte eta komunikabideak, babestuko dituzue? Bai, prest nago sare hori babesteko, baina, nire ustez, erakunde eta komunikabide horiek kontziente izan behar dute ardura handi bat daukatela euskal komunitatearekiko, eta nik espero dut ardura horren jabe izatea eta aniztasuna ondo ordezkatzen jakitea. Garrantzitsua iruditzen zait egiten duten lana, baina, helburu nagusia euskara izanik, euskal komunitatea zaindu egin behar da, eta kontuan hartu behar da asko garela komunitate horretako kideak. Nolakoa izango da alkate izendatzeko prozesua? Hauteskundeak igaro eta hogei egunera Udalbatza osatuko da. Hori ekainaren 13an izango da, larunbatean. Lehenik adineko mahaia osatuko da; mahai hori zinegotzi zaharrenak eta gazteenak osatzen dute, kasu honetan, PPko Jose Luis Arrue eta gure alderdiko Jon Insausti. Biek bozketa egiteko mahaia osatuko dute. Une horretan, hautagaiak aurkeztuko dira, alderdiek hala nahi badute; hautagaia soilik zerrendaburuak izan daitezke. Behin hautagaiak aurkeztuta, bozketa bakarra egiten da. Bozketa horretan batek gehiengo absolutua lortzen badu, hau da, 14 boto edo gehiago lortzen baditu, alkate izango da; bestela, zerrenda bozkatueneko hautagaia izango da alkatea. Amaitzeko, alkateak hitz batzuk esango ditu, eta aginte-makilaren eskualdaketa egingo da. Laister iritsiko da uda. San Joan bezperako dantza egiteko asmoa duzu? Ni ez naiz Juan Karlos Izagirre bezain dantzari ona, baina iruditzen zait ohitura polita dela. Alkateari ea zer asmo duen galdetu diot, eta gainontzeko alderdiekin ere hitz egin nahi dut, baina ahal baldin bada, ez legoke gaizki mantentzea ohitura hori. Gainera, bere garaian ohitura hori Jesus Mari Alkainek jarri zuen abian; gero Ramon Labaienek utzi egin zuen, eta Izagirrek berreskuratu. Nik ere esan nuen ohitura mantenduko nuela. Beraz, hala egiten saiatuko naiz.