Seigarren eta azken Olatu Talka prestatu dute
Olatutalka.eu webgunean kontsulta daiteke egitarau osoa. «Ezin du inork ere esan bere auzoan ez dagoela ezer ere, auzoetako egitaraua indartu baitugu. Hamar gune jarriko ditugu hirian eta ez da aitzakiarik egongo bertan parte ez hartzeko», gehitu du Donostia Festak-eko ordezkariak.
Olatu Talkak hainbat balore dituela gogorarazi du Torresek: Ingurumena errespetatzea, berdintasuna, elkartasuna eta mugikortasun iraunkorra. Hala, bi jarduera nabarmendu ditu Torresek mugikortasunaren harira; jaialdiaren irekiera eta itxiera. Izan ere, jaiari hasiera emateko, 300 txirrindulari elkartuko dira gaur hiriaren erdialdean, 10:45ean; itxieran, berriz, Kontxako ordularitik Antiguako tuneleraino errepidea itxiko dute igandean zirkulazioarentzat, 13:00etatik 19:00etara. Bertan, dantza ikuskizunak, konpartsak, musika taldeak eta jateko eta edateko postuak jarriko dituzte.
Horren ezagunak ez diren espazioak ere erabiliko dituzte asteburuan, kultur jardueretarako. Horietako gune bat izango da Egiako Iztueta kalea. Guztira, hamar gunetan banatuko dute aurtengo jaia: Parte Zaharra (Konstituzio plaza), Erdialdea (Kontxako arkupeak), Antigua (Alfontso XIII. plaza/frontoia), Amara (Mentxu Gal lorategiak), Aiete (Miramongo basoa), Gros (Sagues), Bidebieta (Nornahi plaza/Kontadores), Ulia (udal mintegiak), Altza (San Martzial plaza/Plaza Gorria) eta Gros (aipatutako Iztueta kalea). Musika, antzerkia, dantza, kirola, gastronomia, teknologia, zientzia eta ingurumena izango dira protagonista.
Gehienak, jarduera irekiak
Jarduera gehienak irekiak izango dira, baina badira aurretik izen-ematea eskatzen duten batzuk ere: Amarapedia, Argazkibili, Garbibai, Go Kultour!, Hor konpon, Izan turista zure hirian, Jolasmugi!, Parkour Wave eta Wooftop Zinema.
Azken Olatu Talka izango da aurtengoa, datorren urtean izendatuko baitute Donostia Europako Kultur Hiriburu. Hori horrela izanik, aurtengo Olatu Talka oraindik ere partehartzaileagoa izatea nahi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, asteburu honetan bertan izango da seigarren Olatu Talka, gaurtik igandera. «Eta zer da Olatu Talka? herritarrek egindako jaialdi bat, herritarren proposamenekin osatutako jai bat. Urte osoko lanaren erakustaldi bat», azaldu du Donostia Festak-eko kide Maria Jesus Torresek. Beraz, donostiarrei parte hartzeko deia zabaldu die Torresek: «Mesedez, zatozte gurekin gozatzera. Lehenengo bizi ezazue, eta, ondoren, konta ezazue».
200 jarduera inguru batuko ditu egitarauak, Astindu hiria lelopean.