Donostiako Udalbatzaren erdia aurpegi berriez osatuta egongo da. Lau ordezkari jeltzale lehen aldiz arituko dira zinegotzi gisa udalean; 26 urteko Jon Insausti, tartean
Herritar bat, botoa hautetsontzian sartzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Udaleko mapa politikoa goitik behera aldatu da,
joan den igandeko udal hauteskundeen ondorioz. EAJk bakarrik aginduko duen ala ez erabakitzeko dago, baina argi dagoena da Udalbatzaren egiturak ez duela zerikusirik izango bukatu berri den legegintzaldiarekin alderatuta, beti ere indar metaketei dagokienez.
Udalean izango diren 27 zinegotzien artean aurpegi zaharrak eta berriak daude. Azken hauei helduko die Irutxuloko Hitzak ondorengo lerroetan, hiriko ordezkari berriei buruz zer edo zer gehiago jakiteko. Orotara, 13 zinegotzi berri egongo dira, ia Udalbatzaren erdia.
EAJk bederatzi zinegotzi izango ditu; udal ordezkari gazteena, tartean. Hain zuzen ere,
Jon Insaustik 26 urte ditu, eta Parte Zaharreko bizilaguna da. Orixe Ikastolan, La Sallen eta Euskal Herriko Unibertsitatean egin ditu ikasketak, eta orain doktoradutzan murgilduta dago. «Abertzalea eta euskalduna, ikaslea eta langilea, korrikalaria eta ibiltaria», horrela ikusten du bere burua Insaustik berak.
Pilar Arana ere udalean izango da jeltzaleak ordezkatzeko. 1957an jaio zen, Grosen, eta Ingeniaritza Industriala ikasitakoa da. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Eskola Politeknikoko irakaslea da.
Jaime Dominguez-Macaya ere zerrenda bozkatuenaren partaide da. 54 urte ditu, eta Amaran bizi da. Enpresa eta Ekonomia Zientzietan Lizentziatua da, baita Zuzenbidean ere. Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontrataziorako zuzendaria izan zen 14 urtez, Kontratazioko Aholku Batzordeko Lehendakaria eta baita Kontratazio Batzorde Nagusikoa ere. Gaur egun, Informatika eta Telekomunikazio zuzendaria da.
Maije Zelaia da EAJren azken aurpegi berria. Azpeitiarra da jaiotzez, baina Antiguan bizi da. Enpresaritza ikasketak egin ditu. Gipuzkoako Foru Aldundian zortzi urtez egin zuen lan, eta enpresa pribatuan ere ibilia da lanean.
Agirrezabalaga itzuli da
PSE-EE da bigarren indarra, eta bertan ere aurpegi berriak daude.
Duñike Agirrezabalaga udaleko zinegotzi izan zen Odon Elorzaren legegintzaldian, eta orain itzuli da. Ezker Batua ordezkatu zuen lehenengo eta Ezker Batua-Aralar, ondoren. Partaidetza, Berdintasuna eta Obra eta Proiektuak sailetako zinegotzi izan zen epe desberdinetan. Zuzenbidean lizentziatua, abokatua eta prokuradorea da. Zumaian jaio zen, 1966an.
Maria Luisa Garciak ere PSE-EE ordezkatuko du. Ataunen jaioa, Euskal Filologia egina du, eta irakasle moduan ibili da. Donostiako Berritzegunen lan egin du, eta Hezkuntza arloko Berrikuntza saileko zuzendaria izan da Eusko Jaurlaritzan.
PSE-EEren azken aurpegi berria
Alfonso Gurpegi da. 1962an jaio zen Sestaon, baina aspalditik bizi da Donostian. Pedagogian lizentziatua da, eta egun Bidasoako Garapen Agentzian ari da lanean, Lana eta Berrikuntza saileko arduradun gisa. Gizartekintzako sailbuordea izan zen Eusko Jaurlaritzan, Patxi Lopezen legegintzaldian.
EH Bilduk bi fitxaketa egin ditu. Horietako lehena
Amaia Almirall da, 52 urteko donostiarra. Euskal Filologian lizentziatua eta Majisteritzan diplomatua, 1987tik Kultur Teknikari eta 2011tik Donostia Kulturako zuzendari-kudeatzailea izan da. AEKn eta LABen aritua da. Bigarrena beste emakume bat da,
Olaia Duarte. 27 urte besterik ez ditu, eta Gizarte Lanean graduatua eta Familia Arteko Bitartekaritzako masterra du. Oinarrizko zerbitzuetan lan egin du, eta 2010tik Minbiziaren Aurkako Elkartean dago.
PPri dagokionez, alkategaia bera zinegotzi bezala arituko da lehen aldiz. Hala ere,
Miren Albisturrek barrutik ezagutzen du udala, PPko aholkularia izan baita azken urteotan. 39 urte ditu, amaratarra da, eta Soziologiako lizentziatura du.
Jose Maria Murgiondo ere lehen aldiz arituko da Donostiako Udalean, PPko zinegotzi bezala. Donostiarra da, 39 urte ditu, eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen. Lazkaon PPren zerrendaburua izan zen 2011ko udal hauteskundeetan.
Azkenik, Irabazi Donostiako hautagaiei dagokienez, talde berria izanik,
Amaia Martin eta
Loic Alejandrorentzat lehen esperientzia izango da udalean. Martin, 34 urteko amaratarra, Erizaintzako laguntzailea da. Donostiako Errepublikarrak, Duintasunaren Martxak eta Erreferendumaren Aldeko Herri Asanbladako kidea izan da. Euskadiko Partidu Komunistako militantea da. Alejandro, bere aldetik, Frantzia eta AEBetako herritarra da, eta 38 urte ditu. Parte Zaharrean bizi da. EQUO Gipuzkoa Koordinazio batzordeko kidea da.
Usandizagak agur esan beharko du, zinegotzi gisa 20 urte eman eta gero
Udalbatzan aurpegi berriak egongo badira, aurpegi zaharrek adio esan dutelako izango da. Zenbaitek udal hauteskundeetarako kanpaina hasi aurretik iragarri zuten euren agurra, baina badira ere zinegotzi gisa errepikatzeko asmoa izan eta udaletik kanpo geratu direnak, herritarrek euren botoekin hala erabaki zutelako igandean.
Hauen artean aurkitzen da
Maria Jose Usandizaga. PPko zerrendan laugarren postuan zegoen, baina, hautagaitza honek jasotako porrota eta gero, hiru zinegotzi besterik ez ditu izango. Horrenbestez, Usandizagak udala utzi beharko du.
Nabarmentzeko agurra da, udalean eman dituen urteak kontutan hartuta; hogei urte aritu da zinegotzi gisa, hain justu. Urte hauetan guztietan hainbat liskarren erdigunean izan da. Hemerotekara joz gero, zorigaiztoko esaldi asko topatu daitezke bere izenean; zenbait zinegotzi abertzaleri «zorras, putas, cerdas» deitu zieneko irainak, tartean.
Urtarrileko udalbatzarrean, bere ibilbidearen azken irainetako bat irten zen Usandizagaren ahotik: «27 anormal gaude gaur udalbatzarrean», adierazi zuen, saioak 13:00etan hastea normala ez zela argudiatzeko. Udalbatzarrak asko luzatzen zirelako kexu zen. Espainiako Kongresuan behin 15 ordu baino gehiago egon zirela nabarmendu zuen, baina Tejeroren estatu-kolpea zela eta: «Orduan, pistola eskuetan zutela izan zen horrela».