Auzo elkarteak pozez hartu du albistea, baina zuhurtziaz jokatuko duela adierazi du.
Loiolatarrek Euskotreneko lanak bukatzeko hainbat protesta egin dituzte. (Argazkia: L.Ferreira)
Loiolatarren aspaldiko aldarrikapena da Loiolako
Euskotren geltokiko lanak bukatzea. Lanak 2010ean hasi ziren, baina gaur egun geldirik daude, Eusko Jaurlaritzak ez duelako azken urteetako aurrekontuetan obrentzako kopururik aurreikusi. Abenduan jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak obrekin jarraitzeko bi milioi euroko diru partida bideratuko zuela 2015eko aurrekontuetan, eta 2018. urtea bitartean 15 milioi emateko konpromisoa hartu zuen. Orain, lanen bigarren zatia lizitatu berri dute: geltoki berria egiteko eta ingurunea berritzeko lanak lizitatu dituzte.
Ekaina bukaeran jada aurrerapauso bat emango dute, eta
behin behineko desbideratzea abian jarriko dute, trazatu berria abian jarriz. Trenbide berria igarotzeko zubibide berria altxa zuten obrei ekin zietenean, baina bukatu gabe dago, eta zaharretik igarotzen da trena; hala, auzoan bi horma handi daude bata bestearen ondoan. Hurrengo hilabeteetan trenbide zaharra eraitsiko dute.
Uztaila erdialdera arte irekiko dute eskaintzak bidaltzeko epea. Ondoren, lanak adjudikatu eta kontratua sinatzen den unetik hogei hilabeteko epea izango dute lanak bukatzeko. Aurrekontua 12,8 milioikoa izango da.
Loiolako auzo elkarteak pozez hartu du albistea, baina zuhurtziaz jokatuko dutela aitortu du
Igor Alonso elkarteko kideak: “2014rako bukatu behar zituzten lanak, eta bi urte baino gehiago geldirik egon dira. Ilusioz beteta gaude, eta esan dutenaz fidatzen gara, baina ikusiko dugu nola egiten duen aurrera proiektuak”. 2012an lanak gelditu ziren, eta 2013an loiolatarrak protestan hasi ziren. Hamaika aldiz atera dira kalera
Loiola existe, lanak bukatu lelopean. “Protestarik egin izan ez bagenu, ziur gaude utzita utziko luketeela geltokia eta trenbide berria bukatzeko lanak”, adierazi du Alonsok.
Lanek aurrera egingo dute, baina bukatu arte
luze itxaron beharko dute loiolatarrek, 2017rako aurreikusi baitute lan guztiak amaitzea. Lanak gertutik jarraituko dituztela azaldu du Alonsok, lanen ondoan etxebizitzak daudelako: “Bizilagunekin bilerak egingo ditugu lanen jarraipena egiteko eta sor litezkeen arazoak konpontzeko”.