Aritz Sorzabal: "Behetik gora"
Platonek zioen jakintsuek gobernatu behar zutela, hiri justu bat eraikitzeko bidean. Bada politikarien sinesgarritasunak zalantzan jarraitzen du gaur egun, Grezia zaharreko garai hartatik mendeak eta mendeak igaro diren arren. Politika gaixo dagoela esan daiteke, eta gaixoa osatzeko zer hobe mediku baten eskuetan uztea baino. Horixe pentsatuko zuen EH Bilduk Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategai aukeratu zuenean, 2011ko udal hauteskundeei begira.
Ezustean iritsi zen Igeldoko medikua alkatetzara. Bistan da Izagirrek ez zuela inongo beharrik halako ardura bat hartzeko, bere egunerokoa korapilatzeko, eta horrek sinesgarritasuna eman zion hasieratik, are eta gehiago hizlari moduan abiada hartu eta harremanetarako duen gaitasuna erakusten hasi zenetik.
Politika gaixo badago, erakundeak herritarretatik urrun daudelako da. Diagnostiko horretatik abiatuta, Izagirrek bere alea jarri du udala herritarrei gerturatzeko. Behetik gora aritu da lanean horretarako, herritarrekin hitz eta pitz, bilera ofizial eta ez ofizialetan, kalean edo plazetan. Hiria denon artean eraiki behar dela sinetsita ekin zion lanari, eta bere ideiari eutsita esan du agur, eredu hori ulertu duten donostiarrak gero eta gehiago izateko esperantzarekin. Hogei mila dira gaur egun, hauteskunde gauaren osteko agerraldian nabarmendu zuen bezala. Orduan zinegotzi izateari utziko zion ala ez galdera egin zioten kazetariek lehen aldiz, eta gaur eman du erantzuna. Udal ordezkari bezala badoa, baina eginbehar garrantzitsu bat izaten jarraitzen duela jakitun, Donostian, Igeldon edo bere esparru hurbilenean. Udala uzten du, bai; herritar gisa duen ardura ez, ordea.